Politika -

Zigorra bete eta gero

Lopez Agiriano eta Errandonea Arruti ETAko presoak aske utzi dituzte

1986an atxilotu zituen Guardia Zibilak ETAko "Irrintzi" komandoko kide izatea leporatuta. Goizean Castelloko eta Herrera de la Manchako espetxeak utzi dituzte 25 urteko kartzela-zigorra bete eta gero.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estanislao Lopez Agirianok goizeko 09:00 aldera utzi du Castelloko espetxea 25 urteko kartzela-zigorra bete eta gero. 1986an atxilotu zuen Guardia Zibilak 19 urte zituela.

Errandonea Arruti ETAko presoa berriz 10:30 aldera irten da Herrera de la Manchako espetxetik. Bera ere 1986ko apirilaren 17an atxilotu zuten Oiartzunen eta 25 urteko zigorra bete du.

ETAko "Irrintzi" komandoko kide izatea leporatuta atxilotu zituen Guardia Zibilak Oiartzunen. Bilbao-Behobia autopistan kamioi frantziar batek jasandako metraileta eraso bat eta gero desegin zuten taldea. Guardia Zibilak beste hainbat kamioiri egindako metrailaketak leporatu zizkien komandoko kideei eta NATOren erreferenduma ospatu zen egunean hautesleku bat zaintzen ari ziren Guardia Zibilaren agente batzuen aurkako atentatu saiakera ere egotzi zieten.

Horrez gain armak ere atzeman zizkieten.

Apirila eta maiatza artean ETAko bost preso utzi dituzte aske, tartean, Jose Maria Sagardui "Gatza", espetxean denbora gehien eman duena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea