Politika -
Aste erabakigarria
Udaletan gertatutakoak Sanchezen inbestidura baldintza dezake
Ikusteko dago azkenean zer gertatuko den Nafarroako Gobernuarekin, zer erabakitzen duen EAJk eta ERCk abstentzioa emango ote duen Bartzelonan jazotakoaren ondotik.
EITB.EUS
Udalen osaketaren asteburua izan da iragan berri dena. Udal mapa berria zehaztuta, Pedro Sanchezen inbestidurarena izango da hurrengo erronka politiko nagusia, eta badirudi udal gobernu berriak osatzeko orduan gertatutakoak baldintzatu egingo duela, bereziki Nafarroan eta Bartzelonan jazotakoak.
Sozialistek zail izan dezakete Sanchezen inbestidura ERCk zalantzan jartzen badu abstentzioa ematea Ada Colau Bartzelonako alkate aukeratu ostean. Bien bitartean, UPN gustura dago Navarra Sumak Iruñean garaipena lortu ondoren, eta Foru Gobernuari begira jarrita dago.
Maria Chivite PSNren hautagaiak Nafarroako presidente izan nahi du, baina horretarako Geroa Bairen aldeko botoak eta EH Bilduren abstentzioa behar ditu gutxienez, eta larunbatean sozialistek babesik eman ez zietela ikusita, ez dirudi erraza "mesedea" jasotzea.
Lehen arrastoa asteazkenean atzeman liteke, Parlamentuko Mahaia osatzen denean. PSN Presidentetza ari da negoziatzen Geroa Bairekin eta Podemosekin, baina EH Bilduren abstentzioa behar du, eta igande honetan bertan koalizio abertzaleak zabaldutako agiria irakurrita, ez dirudi halakorik gertatuko denik. Izan ere, eskuinari mesede egiteko Navarra Sumarekin ituna izatea egotzi dio PSNri. Atzo bertan, Enrique Maya (UPN-Navarra Suma) izendatu ostean Joseba Asiron Iruñeko alkate ohiak salatu zuenez, "PSN erabakigarria den lekuetan eskuinak agintzen du". "PSN erregimena da eta erregimena babesten du", gaineratu zuen.
EH Bilduk lau diputatu ditu Madrilen. Mariano Rajoyren aurkako zentsura-mozioa egin zenean EH Bilduk zituen bi diputatuek Sanchez Moncloara iristea ahalbidetu zuten, baina orain ikusteko dago zer erabakitzen duten, are gehiago Ferraztik "EH Bildurekin hitz egiteko betoa" jarri dutela ikusita.
Beste zalantzetako bat EAJren jarrera izango da, Geroa Bai koalizioko kide den heinean. Uxue Barkos buru duen alderdia PSNrekin ari zen negoziatzen Nafarroan Gobernu aurrerakoia osatzeko aukera, eta sozialistek ez dute aukera horren alde egin inon eta jokoan zeuden guztiak eskuinaren esku utzi dituzte.
Horren aurrean, beraz, ikusteko dago Geroa Baik uko egingo ote dion PSN babesteari, eta horrek guztiak isla izango ote duen Madrilen.
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak ETBn egindako elkarrizketa esklusibo batean esan du PSOEk ezin duela euren botoa bermatutzat izan, eta aste honetan bertan berriro bilduko direla. Pedro Sanchezek sei diputatu jeltzaleen botoak nahi baditu, negoziatu eta akordioak lortu beharko dituela iragarri du.
Dena dela, jeltzaleek harreman ona dute EAEn PSE-EErekin. Udalak osatu aurretik "erakundeei egonkortasuna emateko akordioa" lortu dute, eta horrek datozen lau urteetan EAEko udal garrantzitsuenetako agintea eman die, tartean hiru hiriburuena.
Balantzaren beste aldean, UPNk bi abstentzio trukatzea eskaini dio PSOEri. Proposamenaren arabera, Pedro Sanchezen inbestiduran UPNk abstentzioa emango du PSNk gauza bera egiten badu Javier Esparza (UPN-Navarra Suma) Nafarroako presidente izan dadin.
Nafarroako puzzleari Kataluniakoa gehitu behar zaio: JXCatek dagoeneko iragarri du kontra bozkatuko duela, eta ikusteko dago ERCk zer egiten duen Bartzelonako alkatetza galdu ostean PSCk Ada Colauri emandako botoengatik.