Politika -
Batzar Nagusiak
Arabako Batzar Nagusietan hasi da legegintzaldia, EAJ-PSEk kontrolatutako Mahaiarekin
Elkarrekin Podemosek ez du Mahaian ordezkaririk izango, eta jeltzaleei eta sozialistei "nagusikeriaz" jokatzea leporatu die.
agentziak | erredakzioa
Arabako Batzar Nagusietan hasi da legegintzaldia, Mahaiaren osaketarekin hasi ere. EAJk eta PSE-EEk kontrolpean izango dute Mahaia, osokoan duten gehiengo osoa Mahaian ezarri dutelako. Hala, Hiru ordezkari izango dituzte EAJ-PSEk; eta EH Bilduk eta PPk, bana. Elkarrekin Podemos Mahaitik kanpo geratu da, eta jeltzaleei eta sozialistei "nagusikeriaz" jokatzea leporatu die.
Batzar Nagusiak osatzeko ekitaldian ez da ezustekorik izan, eta Pedro Elosegi jeltzalea izango da presidente berriro; Josu Lopez Ubierna PSE-EEkoa izango da lehenengo presidenteorde; eta Nerea Martinez Cerrillo EH Bildukoa, bigarren presidenteorde.
Batzar Nagusietako gobernu erakundea Eva Jimenezek (PSE) eta Marta Alañak (PP) osatuko dute, lehenengo eta bigarren idazkari gisa, hurrenez hurren.
Itxaso Roldan Elkarrekin Podemosen hautagaiak 16 boto jaso ditu (lau bere alderdiarenak eta hamabi EH Bildurenak), baina ez dira nahikoa izan, Alañak 17 lortu baititu PPk, EAJk eta PSE-EEk egindako akordioari esker.
Hori horrela, 51 batzarkideetako 27 dituzten EAJk eta PSE-EEk Mahaiaren kontrola ere izango dute, 5 kideetako hiru baitituzte.
Kike Fernandez de Pinedok (EH Bildu) uste du Elkarrekin Podemos kanpoan utzi izana "aniztasunaren" aurkako erasoa eta legegintzaldiaren "hasiera txarra" dela. Hala eta guztiz ere, koalizioak EAJ-PSE gobernuaren "alternatiba" izateko lan egingo duela hitzeman du, horiek "nagusikeriaz" jokatzen jarraituko dutela uste duen arren.