Politika -

Maiatzeko hauteskundeak

Gauerdira arte du Bilduk alegazioak aurkezteko epea

Auzitegi gorenak gaur 00:00ak arte luzatu dio Bilduri alegazioak aurkezteko epea. Koalizioa legeztatu ezean, EAk hauteskundeak baliogabetzeko eskatzea aztertuko du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilduk alegazioak aurkezteko duen epea luzatzea adostu du Auzitegi Gorenak. Honenbestez, gaur 00:00ak arte izango du koalizioak bere argudioak aurkezteko, Estatuko Fiskaltzak eta Abokatutzak aurkeztutako inpugnazioen aurrean.

Inpugnazioak eta alegazioak aztertzeko bart 20:00etan bildu dira Goreneko magistratuak eta koalizioari denbora gehiago ematea adostu dute, Bilduk eskatu bezala. Izan ere, bere argudioak aurkezteko izan duen epe laburra ikusita defentsa-gabezia salatu du koalizioak.

Magistratuak bihar (igandea) berriz bilduko dira 10:00etan, eztabaidekin jarraitzeko.

Hauteskundeak baliogabetzea

Pello Urizar EAren idazkari nagusiak maiatzaren 22ko foru eta udal "hauteskundeak baliogabetzeko" eskatzea aztertuko dutela adierazi du, Auzitegi Gorenak Bilduren zerrendak legez kanpo uzten badituzte.

Urizarrek agerraldia egin du bart Donostian, bere alderdiaren beste hainbat kide eta agintari ohiekin, hala nola, Carlos Garaikoetxea eta Unai Ziarreta presidente ohiekin, besteak beste.

Urizarren esanetan, eskura dituzten "tresna guztiak" erabiliko dituzte, koalizioaren hautagaitzak legez kanpo uzten badituzte. EAren idazkariaren iritziz, zerrenden legez kanporatzea "bultzada politiko" baten ondorio da.

Halaber, berriro ere esan duenez, EAk ez ditu zerrendak "bide politiko eta demokratikoak" besterik ez onartzen ez dituzten pertsonekin osatuko, eta gogoratu du hautagaitzak osatzen dituzten askok "indarkeria eta mehatxuaren atzaparrak" pairatu dituztela.

Urizarren hitzetan, zerrendak baliogabetzen badituzte, hurrengo pausoa Auzitegi Konstituzionalera jotzea izango litzateke, eta horrek Gorenaren erabakiarekin bat egiten badu, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira eramango lukete auzia.

Bilduren kontrako argudiorik nagusienaren inguruan (2008an ETA koalizio baten alde zegoela jasotzen duen Poliziaren txosten bat), Urizarrek esan du 1989 eta 2008 urte arteko Eusko Alkartasunaren 17 bat agiritan agertzen dela alderdiak "behin eta berriz bilgune subiranista" baten alde egiten duela.

160 orriko alegazioak

Bilduko ordezkari batek 160 orriko alegazioak aurkeztu zituen atzo (ostirala) Estatuko Abokatutzak eta Fiskaltzak koalizioko hauteskunde zerrenda guztien aurka jarritako inpugnazioen aurka. Alegazioak 11:55ean aurkeztu zituzten, Auzitegi Gorenean.

Fiskaltzaren eta Abokatutzaren arabera, Bildu koalizioa (EA, EB eta independenteak) legez kanpoko ezker abertzalearen "tresna" da erakundeetara itzuli ahal izateko, hots, Batasunaren ''B plana'' hauteskundeetan parte hartzeko.

Gorenak ostegunean onartu zuen inpugnazioak izapidetzea, eta erabakia zerrendei jakinaraztea bide telematikotik. Halaber, ostiralekoeguerdia arteko epea jarri zien alegazioak aurkezteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea