Politika -
Maiatzeko hauteskundeak
Alegazioak aurkezteko beste egun bat eman dio Bilduri Gorenak
Koalizioari denbora gehiago ematea adostu du Auzitegi Gorenak, Bilduk eskatu bezala. Izan ere, bere argudioak aurkezteko izan duen epe laburra ikusita defentsa-gabezia salatu du koalizioak.
Erredakzioa
Bilduk alegazioak aurkezteko duen epea luzatzea adostu du Auzitegi Gorenak. Honenbestez, larunbateko 00:00ak arte izango du koalizioak bere argudioak aurkezteko, Estatuko Fiskaltzak eta Abokatutzak aurkeztutako inpugnazioen aurrean.
Inpugnazioak eta alegazioak aztertzeko 20:00etan bildu dira Goreneko magistratuak eta koalizioari denbora gehiago ematea adostu dute, Bilduk eskatu bezala. Izan ere, bere argudioak aurkezteko izan duen epe laburra ikusita defentsa-gabezia salatu du koalizioak.
Magistratuak igandean berriz bilduko dira 10:00etan, eztabaidekin jarraitzeko.
160 orriko alegazioak
Bilduko ordezkari batek 160 orriko alegazioak aurkeztu ditu gaur Estatuko Abokatutzak eta Fiskaltzak koalizioko hauteskunde zerrenda guztien aurka jarritako inpugnazioen aurka.
Alegazioak 11:55ean aurkeztu dituzte, Auzitegi Gorenean.
Fiskaltzaren eta Abokatutzaren arabera, Bildu koalizioa (EA, EB eta independenteak) legez kanpoko ezker abertzalearen "tresna" da erakundeetara itzuli ahal izateko, hots, Batasunaren ''B plana'' hauteskundeetan parte hartzeko.
Gorenak ostegunean onartu zuen inpugnazioak izapidetzea, eta erabakia zerrendei jakinaraztea bide telematikotik. Halaber, ostiralekoeguerdia arteko epea jarri zien alegazioak aurkezteko.