Politika -
Amnistiaren aldeko mugimendua
'Troitiño atxilotzeko agindua Estatuaren mendeku politikoa da'
Amnistiaren aldeko mugimenduko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute Donostian; besteak beste, Marrubi Troitiño ETAko presoaren alaba eta Mattin Troitiño iloba izan dira bertan.
Erredakzioa
Antton Troitiño ETAko presoa atxilotzeko agindua "Estatuaren mendeku politikotzat" jo du Amnistiaren aldeko mugimenduak eta euskal presoekiko "gorroto eta mendeku ekimen guztiak" bertan behera uzteko eskatu dute.
Antton Troitiñoren senideek (Marrubi Troitiño ETAko presoaren alaba eta Mattin Troitiño iloba) eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) gaur Donostian agerraldi batean salatu dute azken egunotan izandako "jazarpen mediatiko, polizial eta judizial larria".
Halaber, ostiralean, 19:00etan, Biziarteko espetxe zigorrik ez! lelopean Donostian egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute.
Amaia Zurutuza AAMko bozeramaileak agiri bat irakurri du prentsaurrekoan. Behin-behineko espetxealdia eta 24 urteko zigorra bete ostean, apirilaren 13an irten zen kartzelatik Antton Troitiño, Auzitegi Nazionalak, Konstituzionalaren irizpideei jarraituz, euskal presoak behin-behinean espetxean egindako urteak gehienezko kondenari kenduta libre geratu behar zuela iritzita.