Politika -

Maiatzeko hauteskundeak

Patxi Lopezek dio Justiziak erabaki 'zaila' duela Bilduren inguruan

Lehendakariak uste du "zeregin zaila" duela zerrenden inguruan erabakia hartzeko, izan ere, koalizioa osatzen duten alderdiak, EA eta Alternatiba, "erabat demokratikoak izan dira beti".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak uste du Justiziak "zeregin zaila" duela Bilduren zerrenden inguruko erabakia hartu behar duelako, izan ere, koalizioa osatzen duten alderdiak, EA eta Alternatiba, "erabat demokratikoak izan dira beti".

Lehendakariak uste du "logikoa" dela Gobernuak auzitegien esku uztea Estatuaren segurtasun indarrek osatutako txostenak: "Justiziak erabaki dezan".

Era berean, "ulergarria da euskal herritarren gehiengoak Eusko Alkartasuna eta Alternatiba ez daudela kutsatuta pentsatzea, eta ETAren estrategian ez direla sartuko sinestea", izan ere, “ibilbide erabat demokratikoa izan duten alderdiak dira". Gainera, bi alderdi horiek "ezker abertzaleak demokrazian sartzeko duen borondate onean sinesten dute".

Hori dela eta, Justiziaren erabakia "oso zaila" dela uste du: "Txosten batek ETAren estrategiaren parte direla dio, baina koalizioa erabat demokratikoak izan diren alderdiek osatzen dute".

PPrekiko harremana

Bestalde, lehendakariak "erabaki judizialekiko errespetua" eskatu du Bilbon emandako prentsaurreko batean, baina ez "eskuak garbitzeko", "gobernuek eta alderdiek Justizia ezin dutela ordezkatu aldarrikatzeko" baizik.

Patxi Lopezen esanetan, "sistema judizialari eraso egitea edo etsai politikoa ahultzeko terrorismoa erabiltzea, zitala izateaz gain, arriskutsua da demokratikoki eta ordaindu egin dezakegu".

Gainera, PSEk eta PPk Eusko Jaurlaritzan lotutako akordioa eredu gisa jarri du eta gogor kritikatu du EAEtik kanpo akordio hori "alderdien arteko borrokan eraso egiteko" erabiltzea.

Horren harira, "PPri bereziki", terrorismoaren kontrako borrokaren "erabilera alderdikoia" baztertzeko eskaria egin dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea