Politika -
Harremanak
Nafarroako Gobernu berrirako itunak adosteko elkarrizketak, gertu
Maria Chivite sozialistak bilera-sorta jarriko du abian aste honetan bertan, eta Geroa Bairekin, Podemosekin eta Ezkerrarekin hitz egingo du inbestidurari begira akordioa egiten saiatzeko.
agentziak | erredakzioa
Hilabetez hauteskundeei eta hauteskunde ondorenari begirako adierazpenak egiten aritu ostean, hitz egiteko eta Nafarroako Gobernu berrirako negoziazioei ekiteko garaia iritsi zaie alderdi politikoei, eta ez dirudi guztiz erraza izango denik inorentzat beharrezko babesa lortzea.
Hurrengo Foru Gobernuaren buru izateko asmoz, Maria Chivite sozialistak bilera-sorta jarriko du abian aste honetan bertan, eta Geroa Bairekin, Podemosekin eta Ezkerrarekin hitz egingo du.
Bere helburua gobernu "aurrerakoia" osatzea omen da, baina EH Bildu gabe, igaroko ez duten "lerro gorri" moduan baitute. UPNk, PPk eta Ciudadanosek osatzen duten Navarra Sumarekin ere ez da harremanetan jarri. Askok diote, gainera, Nafarroan egiten dena Madrilen erabakiko dela.
Bien bitartean, Javier Esparza Navarra Sumaren hautagaiak publikoki esan dio PSNri bi aukera bakarrik daudela Gobernua osatzeko: PSNrekin adostu eta Esparza bere buru duena, ala "denak Navarra Sumaren aurka".
Eta jarrerak horrela egonda, Parlamentuan dauden zenbakiekin egoera are zailagoa da, inork ez baitu oraingoz babes nahikorik inbestidura prozesua gainditzeko.
Esparzak Parlamentua osatuko duten 50 eserlekuetako 20re babesa du, eta ez luke bat bera ere gehiago izango Chivitek hitza bete eta babesik ematen ez badio.
Baina Chivitek ere ez du nahikoa babesik presidente izateko, 23 boto pilatuko bailituzke PSNk (11), Geroa Baik (9), Podemosek (2), eta Ezkerrak (1) bat eginez gero.
Beraz, ezinbestekoa da alderdiren batek abstentzioa ematea inbestidurak aurrera egingo badu. Esparzaren kasuan, begiradak PSNren gainean daude jarrita, eta Maria Chivitek EH Bilduren abstentzioa beharko luke.
Bi aukerak ez dira errazak orain arte esandakoari eusten badiote, Chivitek publikoki esan baitu Esparza presidente izateko aukera "bakarra" EH Bilduren babesa izatea dela; eta Koalizio abertzaleak PSNri esan dio dituen 7 parlamentariak aritmetikan sartzen direla eta ezin duela espero abstentzioa "doan" izatea.