Politika -
Maiatzeko hauteskundeak
Ertzaintzak Bilduren 39 zerrendatan topatu ditu inpugnatzeko arrazoiak
Ertzaintzak txostena igorri dio Estatuko fiskalari eta udaletarako aurkeztutako zerrendetatik 39ri iritzi die inpugnatzeko modukoak izan daitezkeela, ETBk jakin ahal izan duenez.
Erredakzioa
Ertzaintzak Bilduk maiatzaren 22ko udal-hauteskundeetarako aurkeztutako zerrenden artean 39 jo ditu inpugnatzeko modukoak eta txostena Estatuko fiskalari igorri dio, ETBk jakin ahal izan duenez. Batzar Nagusietarako zerrenden kasuan, bakarrean topatu ditu inpugnatzeko arrazoiak.
Bilduk udal-hauteskundeetarako aurkeztutako 205 zerrendak ikertu ditu Ertzaintzak. Horietatik 39tan inpugnatzekoak izan daitezkeen izenak aurkitu omen ditu: 17 Bizkaian eta hamaikana Araban eta Gipuzkoan.
Batzar Nagusietarako hautagaitzei dagokienez, legez kanpoko alderdiekin edo ustezko legez kanpoko ekintzekin zerikusia izan dezaketen pertsonak aurkitu ditu Ertzaintzak: Gipuzkoako batzar nagusietarako zerrendan, Oiartzungo barrutian, hain zuzen ere.
Zerrenda independenteak aurkeztu dituzten herrietan ere azterketa egin du Ertzaintzak: 113 zerrendetatik 27ri buruzko informazioa eman dio Fiskaltzari kutsatuak egon daitezkeelakoan (10 Gipuzkoan, 9 Bizkaian eta 8 Araban).
Zerrendak gaur bertan argitaratu dira Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta Fiskaltzak eta Estatuko Abokatuak bihar eta etzi artean inpugnatuko dituzte.