Politika -
Maiatzeko hauteskundeak
Caamañok PPri: 'Ezin da koalizio bat inpugnatu'
"Alderdien Legeak alderdi politikoen inpugnazioa soilik aurreikusten du", azpimarratu du Justizia ministroak.
Erredakzioa
Francisco Caamaño Justizia ministroak azpimarratu du legediak ez duela uzten Bildu koalizioa inpugnatzen, alderdi politikoak soilik inpugna baitaitezke, koalizioak ez.
"Alderdien Legeak alderdi politikoen inpugnazioa soilik aurreikusten du, Sorturena kasu", izan ere, "koalizioa osatzen duten alderdiak banan banan inpugna daitezke, baina hauteskunde koalizioa osoa ez", adierazi du Justizia ministroak Ser irrati-katean.
Hori dela eta, Alderdien Legeak dagoeneko ez duela balio adierazi du, Hauteskunde Legera jo behar dela.
Gainera, Bilduren (EAk, Alternatibak eta abertzale independenteek osatzen dutena) kasua ez dela ANVrenaren antzekoa azpimarratu du.
Caamañoren esanetan, zerrendak inpugnatzeko bi bide ematen ditu legeak: "Dokumentaziorik badago, hautagaitza horien sorkuntza aurretik erabakitakoa dela frogatzea eta azken helburua lortzeko forma juridiko desberdinak erabili dituztela epaileei erakustea da bideetako bat".
Beste aukera ANVrekin erabilitakoa da: zerrenda guztiak aztertu eta subjektiboki kutsatuta ote dauden jakitea, hau da, legez kanpoko alderdietako kideak izan direnak ote dauden zehaztea.
Justizia ministroak azaldu duenez, etengabeko elkarlanean ari dira Estatuaren Abokatuarekin eta Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenak eskuartean dituztenean aztertuko dituzte frogak eta jarriko dituzte epaileen esku.
Gai honetan Gobernua eta PP "eskutik helduta" joatea espero du Caamañok, eta Gobernuak "araudi juridikoak ezarritako bideak soilik" erabil ditzakeela eta ezin duela "besterik egin" berretsi du.
"Inork ezin dio eskatu Gobernuari Legea urratzea", adierazi du Caamañok Jose Maria Aznar presidente ohiak eta PPren beste buruzagi batzuek egindako eskariari erreferentzia eginez. "Epaileak ez daude PPk nahi duena egiteko, legeak betearazteko baizik", gaineratu du ministroak.