Politika -
Maiatzeko hauteskundeak
Polemika PPren eta PSOEren artean, Bilduren harira
PPk eta Gobernuak Bilduren zerrendak inpugnatzea adostu bazuten ere, atzo Maria Dolores de Cospedalek koalizio osoaren aurka egitea exijitu zuen.
Erredakzioa
Aste Santuak beste polemika bat ekarri du PPren eta PSOEren artean, Bilduren harira oraingoan.
Duela bi aste, Federico Trillo PPko Justizia arduradunak eta Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehen presidenteordeak Bilduren zerrenda guztien aurka egitea adostu zuten. Atzo, baina, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak eskaera zorroztu eta, hauteskunde zerrendak ez ezik, koalizioa ere inpugnatzea exijitu zion Exekutiboari.
Cospedalek uste du Gobernuak onartu egingo duela koalizio osoa inpugnatzea, baina Terrorismoaren aurkako Itunaren "osasuna" Exekutiboaren jokaeraren araberakoa izango dela ohartarazi zuen.
Bere aldetik, Marcelino Iglesias PSOEko Antolakuntza idazkariak adierazi zuen PPren jarrera aldaketa "tamalgarria eta arduragabea" dela, batik bat ETAren aurkako borroka "inoiz baino arrakastatsuagoa" izaten ari dela kontuan hartuta.
Horrenbestez, eskuin muturreko botoak irabazteko helburuz, "bozeramaile erradikalenei" arnasa ematea egotzi zion PPri.
Aste garrantzitsua Bildurentzat
Testuinguru honetan, aste hau erabakigarria izango da Bilduk hauteskundeetan parte har dezakeen jakiteko.
Gaur, asteartea, hauteskunde zerrendak ofizial egingo dituzte, Estatuko Aldizkari Ofizialean publikatuz. Ondoren, Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak osteguna arteko epea izango dute inpugnazioak aurkezteko, eta Gorenak larunbata baino lehen ebatzi beharko du Bilduren balizko helegitea.
Gorenak inpugnazioak onartuko balitu, Bilduren defentsak Konstituzionalera joko luke, eta auzitegi horrek hiru eguneko epea izango luke azken erabakia hartzeko.
Dena dela, hauteskunde legearen azken erreformaren ondorioz, Gobernuak eta Fiskaltzak hauteskunde kanpainan ere inpugnatu ditzakete zerrendak. Hala egingo balute, maiatzaren 5 arteko epea izango lukete, Gorenak maiatzaren 15 artekoa, eta Konstituzionalak hilabete horretako 20 artekoa.