Politika -

Giza Eskubideen Auzitegia

Estrasburgok atzera bota du Gorka Frailek sakabanaketaren aurka jarritako helegitea

Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren iritzian, legeak babestu egiten du sakabanaketa politika. Beraz, Espainiako Justiziak ez zituen Fraile presoaren eskubideak urratu.

Giza Eskubideen Europako Auzitegia, Estrasburgon
Estrasburgok atzera bota du Gorka Frailek sakabanaketaren aurka jarritako helegitea
Giza Eskubideen Europako Auzitegia, Estrasburgon

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estrasburgon egoitza duen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du onartu Gorka Fraile ETAko presoak Espainiako Justiziaren erabakiaren kontra aurkeztutako helegitea. Hain zuzen ere, Badajozko kartzelan preso jarraitzeko erabakia hartu zuen Espainiako Gobernuak, Fraileren eskariari muzin eginda. Azken horrek helegite bidez eskatu zuen Euskal Herrira gerturatzea, familia hurbilago izan nahi zuelako. Alabaina, Estrasburgoren iritzian, legeak babestu egiten du sakabanaketa politika, eta Espainiak ez ditu preso durangarraren eskubideak urratu.

“Agintari espainiarren helburua zen espetxeetako diziplina egokia bermatzea eta ETAko presoei dagokien politika aplikatzea”, astearte honetan emandako epaiaren arabera. Horrenbestez, kasu honetan, sakabanaketak "errespetatu" egiten ditu oinarrizko eskubideak, Europako Auzitegiko magistratuen aburuz.

Fraile Iturralderi 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten talde armatu bateko kide izateagatik, lehergaiak eramateagatik eta eragindako minagatik. 2016an, baina, espetxe aldaketa eskatu zuen, senideek Badajozera joateko arazoak zituztela argudiatuta.

Auzitegi Nazionalak atzera bota zuen Fraileren eskaera, eta Auzitegi Konstituzionalak erabakia berretsi zuen gero, “urrun egoteak ez dituelako oinarrizko eskubideak urratzen”. Hori dela eta, Estrasburgora eraman zuen auzia.

Horrekin lotuta, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ondorioztatu du familia harremanean eragina izan duela sakabanaketa egoerak, baina, epaiaren arabera, neurri hori Espainiako legerian oinarritu da, eta horren arabera aplikatu da.

Horregatik, familia harremanean izandako eragina onartu arren, ez du erabakia neurrigabetzat edota bidegabetzat jo.

Presoak hurbiltzearen alde dagoela errepikatu du Eusko Jaurlaritzak

Josu Erkorekak, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Exekutiboa sakabanaketa amaitzearen alde dagoela gogorarazi du, presoen jaioterrietatik hurbil dauden kartzeletara hurbiltzea "inteligenteagoa" delako eta giza eskubideekin "bat datorrelako", behin ETA desegin denean.

Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan, bozeramaileak esan du ez duela GEEAren arrazoibidea ezagutzen, epaia baino ez, eta ez du "edukiari" buruzko iritzirik eman nahi.

Zentzu horretan, Exekutiboaren sakabanaketaren aurkako jarrera ezaguna dela eta erakundearen dokumentu ofizialetan jasota dagoela gogorarazi du.

"Sakabanaketa politikak ez dauka zentzurik, batez ere ETA desegin denean", errepikatu du Erkorekak. Bozeramaileak azpimarratu du presoak hurbiltzeko politikak giza eskubideekin "bat datorrela", sakabanaketa politikak baino gehiago, eta presoen birgizarteratzea lortzeko "inteligenteagoa" dela.

Ebazpenarekiko "bere desadostasun osoa" adierazi du Sarek

Sare Herritarraren arabera, GEEAk "presoak era bikoitzean ez ezik bere senideak ere zigortzen dituen espetxe politika hau baimendu eta iraunkortzen du".

Adierazpen batean esan duenez, epaimahaiaren ebazpenak "ez du aurrez espainiar epaitegiek Fraileri emaniko ezezkoa zentsuratzen, erabakia espetxe politika antiterrorista batean eta ETAren existentzian oinarritzen zela argudiatuz".

Horrela, ebazpen horrekiko bere "desadostasun osoa" azaldu du Sarek. Bere ustez, "presoak era bikoitzean ez ezik bere senideak ere zigortzen dituen espetxe politika hau baimendu eta iraunkortzen duela uste baitugu, hala, preso eta senideen eskubideak urratuz eta ezohiko legedia aplikatuz".

Sare Herritarraren arabera, GEEAk, "zeharka", sakabanaketak, "ETArik gabeko egoera berri honetan, zentzurik ez duela onartzen du, ezta oinarri juridikorik ere". Horregatik, azpimarratu du "urruntze politikak eta salbuespen legediak ez duela ez oinarri politikorik, ez segurtasun neurriak argudiatu ditzaken oinarririk, ezta oinarri juridikorik ere".

Zentzu horretan, "oraindik orain ehunka kilometrotara sakabanatuak dauden" presoak "berehala Euskal Herriko espetxeetara" ekarri behar direla aldarrikatu dute, behingoagatik beren eskubideak errespetatuak izan daitezen, azpimarratu dutenez, "jada ez baitago erabaki hau denboran luzatzeko inolako aitzakiarik".

Azkenik, 21 urte espetxeratuta eman dituen Gorka Fraile "20 pertsonako zerrenda osatzen duen larriki gaixo den presoetako bat dela" gogorarazi du. "Etxean behar luke, bere senideen babesa jasoz, konfiantzako medikuaren jarraipena jasoz eta bere gaixotasunari aurre egin ahal izateko beharrezko dituen baldintza egokietan", bukatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak ETA Durango Albisteak Giza eskubideak Estrasburgoko Auzitegia epaiketak