Politika -

Aberri Egunaren harian

'Aro berri bat zabaltzen ari da', esan du ETAk

ETAren ustez "egungo zapalkuntza egoeratik Euskal Herriaren lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidearen aitortzan oinarritzen den egoera demokratikora igarotzea" da erronka. Agiria Garak plazaratu du

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk Aberri Egunaren gainean zabaldutako agiri batean esan duenez, "bide luze, zaila eta gogorra izango da, askatasuna lortzeko helburuaren neurri bereko ahalegina eta borroka egin behar baita halabeharrez". Azken hilabeteetan "bide berri bat zabaltzen ari da, zabaltzen ari gara. Askatasunaren atea zabalik izatetik beru zeharkatzeko erronka dago ematen ari diren urratsen oinarrian", esan du ETAk.

Horrela jaso du, Aberri Egunaren inguruan, Gara egunkariak agiria. "Agurrik beroena luzatu nahi dizue - ETAk- Aberri Egunean Euskal herriarekiko maitasuna eta konpromisoa agertzeko eklitaldietan parte hartzen ari zareten herritar guztioi".

Halaber, ETAren ustez "egungo zapalkuntza egoeratik Euskal Herriaren lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidearen aitortzan oinarritzen den egoera demokratikora igarotzea" da erronka. "Prosezu demokratikoa egituratuz, herriari hitza eman, eta aukera berdintasunean eta gehiengoen atxikimenduaz independentzia heltzeko ikusmiran", gaineratu du.

Banda armatuak agirian idatzi duenez, "independentzia, euskal estatua sortzea, askatasuna oso-osorik eskuratzeko aukera bakarra da".

Horrez gain, ETAk esan du bortitza dela "Euskal Herria herri egiten gaituen zotoinetan pairatzen ari den erasoa: euskararen aurka, hezkuntza eredu arrotzaren inposizioa, esparru sozioekonomikoetan eta langileen eskubideen murriztapenak, Espainia eta Frantziako ikurren inposizioa edota eskubide zibil eta politikoen urraketak".

Gainera, esan du euskal nazioa dela abertzaleen topaleku eta helburu. Horren harian, "tamalez, beste urte batez herri zapaldu gisa heltzen ari gara Aberri Egun honetara, askatasunik oinarrizkoena aldarrikatzeko beharrean", gaineratu du.

Azkenik, ETAk agurtu ditu "urte luzeren espetxealdiaren ondoren askatasuna berreskuratu berri duten eta belaunladi askorentzat eredu izan diren euskal borrokalariei". Izan ere, azken egunotan Jose Maria Sagarduy ''Gatza'' eta Anton Troitiño askatu dituzte; azken honek Polizia du segika, baliogabetu baitiote askatasuna.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea