Politika -
M26 HAUTESKUNDEAK
Zer hautatzen da igande honetan?
Hiru gutun-azal mota egongo dira botoa emateko: txuriak udaletarako, sepia edo laranja foru aldundietarako edo Nafarroako Parlamenturako, eta urdinak Europako Parlamenturako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Igande honetan, maiatzak 26, udal hauteskundeak ospatuko dira Espainiako Estatu osoan. Gainera, foru hauteskundeak izango dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Nafarroan, kontzejuetarako hauteskundeak zein Nafarroako Parlamentua aukeratzeko bozak izango dituzte. Eta hori guztia gutxi balitz, Europako Parlamenturako hauteskundeak ospatuko dira Euskal Herri osoan: EAEn, Nafarroan zein Iparraldean.
Hiru gutun-azal mota egongo dira botoa emateko: txuriak udaletarako, sepia edo laranja foru aldundietarako edo Nafarroako Parlamenturako, eta urdinak Europako Parlamenturako. Nafarroan, gainera, laugarren sobre bat ere izango da, berdea, kontzejuak aukeratzeko. Kontzejuak udal baten menpe dauden baina konpetentzia propio batzuk dituzten udalerri txikiak dira.
09:00etan irekiko dira hauteslekuak eta 20:00arte zabalik izango dira. Botoa emateko NANa, pasaportea edota gidatzeko baimena erakutsi beharko da.
Azken boto-asmoei buruzko galdeketen ondoren, ikusmin izugarria piztu da. Izan ere, badaude udal zein lurralde batzuk boto-kopuru txiki baten arabera "kolore bat edo beste" har dezaketenak: Gasteiz, Gipuzkoa eta Nafarroa, esate baterako. Hala, aukera erreal bat baino gehiago mahai gainean egoteak jakin-min handia piztu du maiatzaren 26ko gauerako.
Hauteskundeak EAEn
251 udalerritan, 2.651 zinegotzi aukeratuko dira igande honetan Euskal Autonomia Erkidegoan: 112 udal Bizkaian, 88 Gipuzkoan eta 51 Araban. Gainera, Bizkaian 4 entitate lokal txiki hautatuko dira eta Gipuzkoan 2.
Alderdi politikoen zerrendei, independenteenak gehituta, 1.006 udal zerrenda aurkeztu dira hauteskunde horietara: 216 zerrenda Arabako 51 udaletarako, 294 zerrenda Gipuzkoako 88 herrietarako eta 496 zerrenda Bizkaiko 112etarako. Gutxienez botoen %5 eskuratu beharko dute ordezkaritza izateko.
Gainera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak aukeratuko dira. Foru ganbera bakoitzak 51 ordezkari ditu eta horiek lurralde bakoitza banatuta dagoen barrutien arabera hautatzen dira: Araban 3 barruti daude eta 22 zerrenda aurkeztu dira, Gipuzkoan 4 barruti daude eta 24 zerrenda aurkeztu dira eta Bizkaian, 4 barruti daude eta 37 zerrenda aurkeztu dira.
Espainiako Gobernuaren ardura da udal hauteskundeak eta europarrak antolatzea, eta diputazioen esku dago, berriz, foru hauteskundeen antolaketa.
1.723.052 herritarrek dute udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea eta 1.795.411 herritarrek europarretan (kanpoan bizi diren 74.072 euskal herritarrek botoa eman dezakete Europako hauteskundeetan, baina ez udalekoetan).
Posta bidezko botoa asko igo da azken hauteskundeekin alderatuz gero: %45 hain zuzen ere. 44.932 eskaera izan ziren 2015ean eta 65.184 aurten. Igoera handiena Araban eta Bizkaian izan da, Jaurlaritzak emandako datuen arabera.
Presentzialki botoa emango dutenentzat 722 hautesleku prestatu dituzte. Horietan 2.667 mahai izango dira eta 8.001 presidente eta bokal izango dira. Bizkaian 338 hautesleku daude, Gipuzkoan 284 eta Araban 100.
355 emakume eta 661 gizon izango dira zerrendaburu udal hauteskundeetan, 2015ean baino 42 emakume gehiago.
Hauteskundeak Nafarroan
Nafarroan 358 hautesleku irekiko dituzte maiatzaren 26an eta 976 mahai osatuko dira horietan.
Batetik, udal hauteskundeak egingo dituzte 272 herritan (horietako 31tan ez da inor aurkeztu) eta, bestetik, kontzeju-hauteskundeak izango dira 60 udalerriren baitan dauden 346 kontzejutan. Foru Erkidegoko administrazio lokalaren berezitasuna dira kontzejuak, eta guztira, 1.124 ordezkari hautatuko dira horietan.
Nafarroako Parlamentuaren osaketa ere berrituko da igande honetan, eta hortik irtengo da Nafarroako presidente berria. 50 diputatu aukeratuko dira eta 11 alderdi aurkeztu dira hauteskunde horietara. Ordezkaritza lortzeko gutxienez botoen %3 lortu beharko dute.
482.379 herritarrek izango dute Nafarroan botoa emateko eskubidea.
Hiru hitzordu horiez gain, Europako Parlamenturako bozketetan ere parte hartu ahal izango dute.
Hauteskunde hauen ostean, Espainiako Estatuak 270,90 euro emango dizkie lortzen duten zinegotzi bakoitzeko alderdiei, eta 54 zentimo eskuratzen duten boto bakoitzeko.