Politika -

Gobernuaren erabakiaren ostean

Bilduk justifikaezintzat jo du bere zerrendak inpugnatzeko iragarpena

"Sorgin-ehizari" bukaera emateko eskatu dio Gobernuari. Bilduren hitzetan, alderdi guztiek, PSOE barne, ezker abertzalean izan edo iraganean berarekin kolaboratu izan duten kideak dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilduren hitzetan, "aurkeztezina, justifikaezina eta oso larria" da alderdiari egin dioten "jazarpena, aukera legala eta zilegia direnean"; izan ere, Bilduren zerrendak inpugnatzeko agindu du gaur Espainiako Gobernuak.

Ildo horretan, "legez kontrako eta aurkeztezina den sorgin-ehiza horri bukaera emateko" eskatu dio Bilduk PSOEko Gobernuari.

" Abertzaletzat, independentetzat eta ezkertitzat bere burua jotzen duen eta Alderdien Legea salatzen duen edozein aukerarengan susmoa hedatzeko estrategiak Espainiako Estatuaren kalitate demokratikoa agerian uzten du", esan du.

Bilduren hitzetan, "beste behin" gogoratu behar diegu koalizioa bi alderdi legalek osatzen dutela: Eusko Alkartasuna eta Alternatiba; eta alderdi horiek ibilbide "gardena izan dute giza eskubide eta eskubide politiko guztien defentsan".

Hori dela eta, "foru eta udak hauteskundeetan parte hartzen duten gainerako alderdi politikoei ematen zaien tratu politiko, judizial, hedabidetakoa eta demokratikoa" eskatu dute.

Alderdien Legeak suposatzen duen "gehiegikeria" salatzen jarraituko dutela esan du Bilduk, "oinarrizko eskubide demokratikoa den parte hartzea urratzen" baitu, eta hauteskunde zerrendak inpugnatzeko irizpide "arbitralak" ezartzen baititu, besteak beste, ezker abertzalearen edozein aukeran ikuskatzaile bezala aritu izana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea