Politika -
GIZA ESKUBIDEAK
Gorka Lupiañez torturatu egin zutela ebatzi du NBEko Giza Eskubideen Batzordeak
Preso durangarrak salatu zuenez, 2007an atxilotu zutenean, inkomunikazio egoeran zegoela, tortura oso gogorrak jasan zituen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gorka Lupiañez preso durangarrak, 2007an atxilotu eta inkomunikaturik zegoela, torturak jaso zituela ebatzi du gaur Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak.
Genevan du egoitza erakunde horrek, eta 18 aditu independentek osatzen dute Giza Eskubideen Batzordea. Gaur kaleratutako ebazpenean jaso dutenez, Espainiak Lupiañezen giza eskubideak urratu zituen, eta, hori dela eta, dagokion erreparazioa eman behar dio. Era berean, atxilotutako pertsonei inkomunikazio aldia ezartzeari uzteko eskatu diote Estatu espainiarrari, egoera horrek "torturarako testuinguru egokiagoa" ahalbidetzen duela iritzita.
2015eko ekainean jo zuen Lupiañezek NBEra, torturak salatzera. Bere hitzetan, 2007an Guardia Zibilak Berrizen atxilo hartu zuenean pairatu zituen tratu txarrak, zortzi egunez jarraian, Bilboko Salveko kuartelean aurrena, eta Guardia Zibilaren Madrilgo egoitza batean ondoren. Batetik besterako lekualdatzeetan ere torturatu egin zutela salatu zuen.
Behin eta berriz jipoitu zutela, buruan poltsa 50 bat aldiz jarri ziotela, makila batekin bortxatu zutela edota bizkarrezurrean sastadak egin zizkiotela azaldu zuen bere deklarazioan durangarrak.
Guardia Zibilek ukatu egin zituzten salaketa guztiak, eta torturak salatzea ETArekin zerikusia duten presoen "ohiko praktika bat" dela esan zuten. Halaber, inkomunikazio aldian egoten diren presoei "egunero osasun azterketak" egiten zaizkiela eta "epaileen kontrolpean" egoten direla defendatu zuen Espainiak NBEren aurrean. Lupiañezek uneoro "tratu egokia" jaso zuela eta inkomunikatuta egon zen egunetan artatu zuen medikuak ez zuela tratu txar zantzurik atzeman deklaratu zuten Estatu espainiarreko ordezkariek.
Aldeen azalpenak entzun eta kasua aztertu ondoren, Giza Eskubideen Batzordeak frogatutzat eman ditu Lupiañezek salatutako torturak. Tania Abdo Rocholl batzordekidearen arabera, "tortura ezin da justifikatu ezein egoeratan, ezta segurtasun nazionaleko arrazoiengatik ere".
Orain, Nazio Batuen Erakundeak 180 eguneko epea eman dio Espainiari, Giza Eskubideen eta Eskubide Politikoen Nazioarteko Ituna kontuan hartuta, ebazpen honen ondoren hartuko dituen neurriak jakinarazteko.
Auzitegi Nazionalak 50 urteko kartzela zigorra ezarri zion, joan den apirilaren 12an, Lupiañezi, familia bat bahitzea (bikotea eta lau urteko semea) eta hauen autokarabana lapurtzea leporatuta. Poliziaren arabera, autokarabana hori atentatu bat egiteko erabili zuten 2007an.