Politika -
EiTB Focus inkesta
EAJk irabaziko luke eta EH Bildu bigarren izango litzateke EAEko hiru lurraldeetan
Hirugarren eta laugarren postuak PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen artean egongo lirateke, eta PP bosgarren postura pasatuko litzateke hiru Batzar Nagusietan.
eitb.eus
EAJ izango litzateke alderdi bozkatuena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, EH Bilduren aurretik hiru kasuetan, EiTB Focus inkestan agertzen denez. Gizakerrek egindako inkestak PPren porrot handia aurreikusten du, Araban lehen postua izatetik bosgarrenera igaroko balititzateke.
Ikerketa soziologikoa maiatzaren 9tik 14ra egin dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 1.750 pertsonari galdetuta. Atzo Nafarroako boto-aurreikuspenak argitaratu genituen, eta ostegunean EAEko hiriburuetakoak.
Araban hasita, EAJk garaipen zabala lortuko luke aurreko bozetan baino 7 puntu babes handiago lortuta (% 29,5). EH Bildu ia hiru puntu igoko litzateke (% 23,3) eta bigarren indarra izango litzateke.
PSE-EEk ere gora egingo luke, % 2,9 hain zuzen, eta hirugarren izango litzateke % 14,3ko babesarekin, Elkarrekin Podemosen aurretik, % 2,7ko beherakadarekin % 14,1ean geratuko bailitzateke. PPk porrot handia izango luke, bosgarren geratuko bailitzateke % 22,4tik % 14ra jaitsita.
EAJk Bizkaiko hegemoniarekin jarraituko luke (% 43,9), gainera, handitu egingo luke EH Bildurekiko (% 18,5) aldea. Elkarrekin Podemos hirugarren izango litzateke, baina hiru puntu baino gehiago galduta eta PSE-EE oso gertu (% 1eko igoera). PPk babesaren ia erdia galduko luke eta bosgarren jarraituko luke.
Gipuzkoan lehen postua errepikatuko luke EAJk, babes handiagoarekin eta EH Bildurekiko alde handiagorekin, nahiz eta koalizio abertzaleak ere gora egingo lukeen. PSE-EE hirugarren izango litzateke % 2tik gorako galerarekin, eta Elkarrekin Podemosek laugarren jarraituko luke hiru puntu behera eginda. PPk bosgarren jarraituko luke, baina babes txikiagoarekin.
Fitxa teknikoa
EAEn bizi diren 1.750 pertsona (Gasteizen 400, eta Arabako gainerako udalerrietan 150; Bilbon 400 eta Bizkaiko gainerako udalerrietan 200; Donostian 400 eta Gipuzkoako gainerako udalerrietan 200).
La= ±% 2,34, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako, ±% 4,18 Arabako datuetarako, % 4,00 Bizkaiko datuetarako, % 4,00 Gipuzkoako datuetarako, % 4,90 Gasteizko datuetarako, % 4,90 Bilboko datuetarako eta ±% 4,90 Donostiako datuetarako.
Lurralde, udalerri, sexu eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina. Inkesten % 21,1 euskaraz egin dira, eta gainerako % 78,9a, gaztelaniaz.
Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.
Landa-lana 2019ko maiatzaren 9a eta 14a bitartean egin zuten telefono bidezko elkarrizketak eginez.
Galdeketen batez besteko iraupena 3 minutu eta 22 segundokoa izan zen: motzenak 2 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 10 minutu.