Politika -
Miñao auzia
PSE: 'Miñao auzia ikertzeko batzordeari izen ona kendu nahi dio EAJk'
Oscar Rodriguez sozialistaren hitzetan, EAJk "babes politikoa" eman die Miñao auziko inputatuei. Gaur, Alfredo de Miguel diputatu ohiak agerraldia egin du.
Erredakzioa
Arabako ustezko iruzurrak ikertzen dituen Legebiltzarreko batzordeari "izen ona kentzea" da EAJren helburua, Oscar Rodríguez PSEko legebiltzarkidearen esanetan. Salatu duenez, EAJk karneta kendu die auzipetuei, baina, bitartean "babes politikoa" eman die.
Gaur Arabako Toki Administraziorako diputatu ohiak, Alfredo De Miguelek, deklaratu du Eusko Legebiltzarrean. Agerraldia bukatzean, Oscar Rodriguezek esan du EAJ ikerketa batzordeari "izen ona kentzen" saiatu dela. "Erakunde hau edozein alderdi politikoren gainetik dago", gaineratu du.
Rodríguezek ukatu egin du Eusko Legebiltzarraren ikerketa eta ikerketa judiziala "bateraezinak" direnik, "argitu nahi diren erantzukizunak ezberdinak direlako".
Bestalde, EAJk Miñao auziko inputatuei egindako "harrerak" kritikatu ditu Oscar Rodriguezek.
"EAJrengandik zer itxaron behar dugun ez dakigu: badirudi EAJren irudia garbitzea dela batzordearen helburu nagusia", esan du.
"Zertan sinisten du EAJk? Eta guk, nor sinistu behar dugu EAJren barruan? Nor da EAJko benetako presidentea? Urkulluk eta Xabier Agirrek karneta kendu diete auzipetuei, baina Gerenabarrenak eta Egibarrek babes politikoa eman diete", bukatu du.