Politika -

Auzitegi Nazionala

Troitiño berriz kartzelatzea eskatu du Fiskaltzak

ETAko kide ohia asteazken honetan atera da kartzelatik, 2017 urtean egin behar bazuen ere, eta ondorioz polemika handia piztu da. Ministerio Publikoak "Parot doktrina" ezartzea eskatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Antonio Troitiño Arranz ETAko kide ohiari ''Parot doktrina'' ezarri eta berriz kartzelatzea eskatu du gaur.

Izan ere, Troitiño atzo atera zen espetxetik, 2017 urtean egitea aurrez ikusita bazegoen ere, ez baitiote ezarri ''Parot doktrina''. Ondorioz, polemika handia piztu da hedabideetan eta alderdi politikoetan.

Carlos Bautista fiskalak gaur aurkeztutako idatzian, 30 urte betetzeko eskatu dio Zigor Arloari.

ETAko kide ohiari 2.200 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, 1980ko hamarkadan 20 pertsona hiltzea egotzita, baina atzo utzi zuten libre, 24 urte kartzelan eman eta gero.

Troitiñok ETAren historiako atentatu odoltsuenetako batzuetan hartu zuen parte, 1986an Madrileko Dominikar Errepublikako plazan egindakoa, kasu. Bertan, erakunde terroristak 12 guardia zibil hil zituen, bonba-auto bat zartarazita.

Handi eta urtebetera atxilotu zuten, 1987ko urtarrilaren 16an, Madril taldeko beste zazpi kiderekin batera, tartean Iñaki de Juana Chaos.

ANk defendatu egin du libre utzi izana legezkoa dela

Bere aldetik, Angel Juanes Auzitegi Nazionaleko presidenteak adireazi du ez dagoela "hutsunerik ezta zulo legalik ere" Troitiño aske uzteko erabakian. Gainera, "azken hitza" Auzitegi Gorenak izango duela gogorarazi du.

"Ulertu egiten dut iritzi publikoan piztu den alarma, baina legea ezarri da, ez zegoen beste konpombiderik. Fiskalak helegitea aurkeztuko du eta Auzitegi Gorenak izango du azken hitza", gaineratu du.

"Delituen larritasuna ikusita [Troitiño aske utzi izana] mingarria dirudien arren, zigorra betetzean zigorra amaitu egiten da. Hori da Zuzenbide Estatua", nabarmendu du.

Dena dela, Juanesek aurreratu du Auzitegi Nazionalaren Zigor Arloak bilera egingo duela, gaia eztabaidatzeko. Oraingoz, baina, batzarrak ez du datarik.

PP: "Batzuek Parot doktrina indargabetu nahi dute"

Testuinguru honetan, Federico Trillo PPko Justizia arduradunak adierazi du "batzuek" Parot doktrina indargabetu nahi dutela, Auzitegi Konstituzionalaren bitartez, ahalik eta ETAko kide gehien libre gera daitezen.

PPk oniritzia eman dio Fiskaltzaren erabakiari, baina ohartarazi du ez duela onartuko terrorismoaren aurkako borrokan "atzerapausoak" egitea, ETAko kideek "zigor osoa" bete behar baitute.

Trillok "baliabide guztiak" erabiltzeko eskatu dio Gobernuari, ezker abertzalea maiatzeko hauteskundeetan izatea galarazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea