Politika -
Zigorra bete eta gero
Aske utzi dute Gatza, kartzelan denbora gehien eman duen ETAko presoa
Jose Maria Sagurdi 09:05ean atera da Jaengo espetxetik. "Gatza, herria zurekin" eta "putakume hiltzailea" oihuekin egin diote harrera jarraitzaileek eta aurkakoek, hurrenez hurren.
Erredakzioa
Jose Maria Sagardui, Gatza, espetxean denbora gehien eman duen ETAko presoa, aske geratu da gaur goizean, kartzelan 30 urte eta bederatzi hilabete egon eta gero.
Sagardui 09:05ean atera da Jaengo espetxetik. Kanpoaldean, bi elkarrataratze zain zeuden: bata, jarraitzaileena, harrera egiteko, eta bestea, terrorismoaren biktimek deitutakoa, protesta egiteko.
Lehenengoek "Gatza, herria zurekin" eta "Euskal presoak, etxera" oihukatu diote; bigarrenek, ordea, "putakume hiltzailea".
Guardia Zibilak 100 agente inguru bertaratu ditu, istiluak izatea galarazteko.
31 urte espetxean
Espetxe Zuzendaritzaren iturriek azaldu dutenez, Sagarduik gaur bete du kartzela zigorra. 21 urte zituela atxilotu zuten, 1980ko uztailaren 10ean, eta 52 urte dituela atera da kartzelatik.
1973ko Zigor Kodea erabiliz epaitu zutenez, zigorra murrizteko neurriak ezarri zizkioten, espetxetik ihes egiten saiatu zen arte. Horren ostean, zigorrak murrizteko programatik at utzi zuten, eta ordutik 29 urte bete behar izan ditu kartzelan.
Preso egon den beste urte eta bederatzi hilabeteak ''Parot doktrina'' ezarri ziotelako, ihes egiten saiatu zelako eta funtzionario bati eraso ziolako bete ditu.
''Parot doktrina'' deritzonaren arabera, zigor murrizketak espetxe-zigor osoa kontuan hartuta kalkulatu behar dira, gehienez jota bete daitekeen urte kopurua izan beharrean.
Auzitegi Nazionalak 23 urte, lau hilabete eta egun bateko espetxe zigorra ezarri zion, 1978an Juan Cruz Hurtado Fernandez hiltzeagatik, eta 14 urte eta zortzi hilabetekoa urte berean Jose Maria Arrizabalaga Arcocha hiltzeagatik.
Beste lau preso historiko, libre hurrengo asteetanGatza ez ezik, ETAko beste lau preso historiko ere utziko dituzte libre hurrengo asteetan, zigorrak bete eta gero.
Hain zuzen ere, Jose Maria Mugika Pikabea, Jon Agirre Agiriano, Estanislao Lopez Agiriano eta Andres Errandonea Arruti aterako dira espetxetik.