Politika -
Kontrol batetik ihesi
Vallieren ihes egin zuten ETAko bi ustezko kideak atxilotu dituzte
Itziar Moreno eta Oier Gomez Mielgo dira atxilotuak. Antza, biak "oinez" zihoazen preso hartu dituztenean. Aubussoneko polizia-etxean egongo omen dira, Parisera joan arte.
Erredakzioa
Atzo errepideko kontrol batetik ihes egin ondoren jendarme bat tiroz zauritu zuten ETAko bi ustezko kideak atxilotu dituzte France info irratiak zabaldu duenez.
Bi atxilotuak Oier Gomez Mielgo eta Itziar Moreno dira. Croze herrian atzeman dituzte, Creuse departamenduan, herrialdearen erdialdean, Prefeturako bozeramaile batek esandakoaren arabera.
Oier Gómez Mielgo ETAk Obidosen (Portugalen) zuen gordelekutik ihes eginda jarraitzen zuen ETAko ustezko kidea zen. Duela gutxi, beste errepideko kontrol batetik ihes egitea lortu zuen, Jone Lozano adiskidea atxilotu zuten arren.
Itziar Morenori dagokionez, Segurtasun Indarrak atzean zituen aspalditik eta bere argazkia beste terrorista batzuenarekin batera zabaldu zuten. Gehienak atxilotuta daude, dagoeneko.
Iturri ofizialek zabaldu dutenez, bikotea 10:45 eta 11:20 bitartean eraman dituzte atxilo "tiroketa bat izan ostean", Gulliaume Thrirard bozeramailearen esanetan. Thrirardek, gainera, esan du biak "oinez" zihoazela preso hartu dituztenean.
Halaber, epaitegietatik EFEri esan diotenez, terrorismo auziak epaitzen dituen Parisko auzitegiak ikerketa bat zabaldu du ETAko bi ustezko kide hauen gaineko auzia argitze aldera. Orain, Aubussoneko polizia-etxean daude atxilotuak, departamendu berean.
Aipatutako iturrien arabera, lehenengo Oier Gomez Mielgo atxilotu eta geroago Itziar Moreno atzeman dute, eta litekeena da biak atxilotuak egotea Parisera joan arte, alegia, terrorismo auzietako epaile baten aurrean izan arte.
Ford markako autoa zeramaten errepideko kontrolarekin topo egin zutenean, baina autoa utzi egin zuten jendarmeen kontra bi tiroketa izan ostean.
Lehenengo kontrolean, Creuse departamenduan, autoa ez zen gelditu eta jendarmeek atzetik jarraitu zioten.
Le Populaire egunkariak gaur argitaratu duenez, Poliziak autoaren jazarpenari ekin zion eta autotik pertsona batek tiro egin zien. Horrela, agenteetako batek tiroa jaso zuen sorbaldan. Dena dela, Poliziaren bizitza ez dago arriskuan.
Iturri ofizialen arabera, gertakarien "ezaugarriek" agerian uzten dute litekeena dela ETAko kideak izatea, baina ezin da ziur esan.
Valliereko errepide-kontroletik ihes egin eta berehala, Poliziak Epervier plana jarri zuen abian, ETAko ustezko kideek ihes egiten dutenean abian jarri ohi duen bilaketa plana.
Autoa Correzeko Meymac udalerrian aurkitu zuten utzita. Lehenengo tiroketa gertatu zen lekutik 50 kilometrora, autoa aurkitu zuten lekuan, beste tiroketa bat ere izan zen iheslarien eta jendarmeen artean.