Politika -
Elkarrizketa 'Boulevard'en
Ares: 'EAJren kezka Bildu da, hauteskundeetan lehiatuko direlako'
Honen esanetan, "legezko alderdi batzuen osatutako koalizioa" da Bildu. Gainera, Justiziak "azken hitza izango du eta zerrenda hori osatzen dutenek legeari begirunea izan diezaioten" bermatuko du.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren hitzetan, EAJren kezka Bildu da, maiatzeko hauteskundeetan lehiakideak izango direlako. "Justiziaren izapideekin betetzeko zailtasunak zituenean, Sorturen legezkotasunari buruz hitz egitea oso erraza zen EAJrentzat", adierazi du Aresek, "baina beste gauza bat da maila berean hauteskundeetan lehiakidea izango den koalizio bati buruz mintzatzea". Herrizaingo Saileko sailburuaren hitzetan, "argi dago Gipuzkoan botoaren zatiketa bat emango dela", koalizio berria dela eta.
"EAJk ezker abertzalearekin nahiz Bildurekin akordioak hitzarteko aukera ez dugu baztertu behar", azaldu du Aresek Radio Euskadiko "Boulevard" saioan eskainitako elkarrizketan, "iraganean EAJk izandako jarrera kontuan hartzen badugu". Aitzitik, PSEk "mundu horrekin akordioren bat sinatzeko oso aukera gutxi, ia bat ere ez dago".
Bilduren harian, Herrizaingo Saileko buruzagiak baieztatu duenez, "legezko alderdiez osatutako koalizioa da Bildu". Aresek gogoratu duenez, "Bildu osatzen duten kideek legeari errespetu osoa izan diezaioten" bermatuko dute bai Hauteskunde Batzordeek bai Justiziak. Aresen esanetan, "botere banaketa duen herrialde batean bizi garela onartu behar dugu eta Justiziari askatasun osoz eta presiorik gabe lan egiten utzi beharko diogu".