Politika -
Balentziaga Museoaren auzia
Getariako alkate ohiak Balentziaga Fundazioaren Patronatuari egotzi dio ardura
Fiskaltzak zortzi urteko kartzela-zigorra eskatzen du Mariano Camio Getariako alkate ohiarentzat, Balentziaga Museoaren eraikuntzan izan ziren irregulartasunak direla eta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaur goizean abiatu da Balentziaga Museoaren eraikuntzan izan ziren irregulartasunei lotutako auziaren epaiketa. Akusatu nagusia Mariano Camio da, Getariako alkate jeltzale ohia. Fiskaltzak zortzi urteko kartzela-zigorra eskatzen du harentzat.
"Lasai" dagoela eta "kontzientzia garbi" daukala esanez iritsi da auzitegira. Epaiketaren lehen saioan, bere burua defendatu du, errugabea dela azpimarratuz eta ardura Balentziaga Fundazioaren Patronatuari egotzita.
Saioa hasi aurretik, defentsa epaiketa atzeratzen ahalegin du da, bigarren auzipetu nagusia –Julian Argilagos arkitektoa- ihes eginda dagoela argudiatuta.
Arkitekto kubatarrak egin zuen Balentziaga Museoaren diseinua. Fiskalaren arabera, garai hartan bikote zirelako eman zion proiektua Camiok Argilagosi. Lau urteko espetxe-zigorra eskatu du honentzat.
Defentsaren eskaria baztertuta, epaileak abian jarri du epaiketa. Argilagosekin zuen harremanari buruz hainbat zehaztapen egin ditu. Lagun onak zirela eta elkarrenganako konfiantza zutela adierazi du. Horren erakusgarri jarri du haren emazte ohia eta semean bere etxean erroldatuta egon izana edo haren osasun asistentziako polizak ordaindu eta maileguak abalatu izana.
Fiskalaren galderak erantzuten lau ordutik gora eman ditu. Balentziaga Fundazioko presidenteordea eta Berroeta Aldamar elkarteko zuzendaria izan zen. Kargu horiek Argilagosi mesede egiteko baliatu zituela ukatu du.
Arkitektoak egin behar zuen lanagatik kobratu zuela eta kontraturik faltsutu ez zela azpimarratu du. Museoaren eraikuntza lehiaketara ez ateratzeko arrazoiaz galdetuta, Camiok esan du Argilagos zela pertsonarik aproposena horretarako, bera baitzen munduan Balentziagaren erakusketa gehien egin duen arkitektoa. Gainera, "1995etik ari zen proiektuan lanean, inork horretan sinesten ez zuenean", esan du.
Argilagosek sinatutako kontratuak klausula bat zeukan: proiektuaren aurrekontua handituko balitz, berak gehiago kobratuko luke. Kontratu horren gainean ardurarik ez duela esan du Getariako alkate ohiak. Sinatu zuela aitortu du, baina Balentziaga Fundazioko diruzainak idatzi zuela zehaztu du.
Ildo berean, dokumentu hori inoiz ez zuela ezkutatu erantsi du. Egitasmoa gauzatzeko aurrekontua 4,8 milioi eurokoa izango zela aurreikusi zuten, baina 30 milioiko izan zen azkenean. Patronatuak orduan zergatik ez zuen ezer esan galdetu du gaur Camiok.
Fundazioaren aurrekontuak, likidazioak eta kontabilitatea urteroko batzarretan onartzen zirela eta datu horiek zuzendaritzaren esku egoten zirela gogoratu du.
Horrez gain, intrusismo deliturik egin izana ukatu du. Argilagosek Kuban eskuratu zuen titulua, baina ez zuen Euskal Herrian aritzeko homologaziorik egin. Horregatik, "diseinatzaile" gisa kontratu zutela eta ondoren, museoa eraikitzeko lanak gauzatzeko, "ingeniari bat" kontratu zutela azaldu du.
Museoa eraikitzeko lanak Miamitik (AEB) –garai hartan han bizi zen Argilagos- zuzentzeko baimena eman ziola ere ukatu du.
Halaber, Rolando Paciel arkitektoa –kasu honetan auzipetutako hirugarren laguna- Argilagos Miamin zegoen bitartean museoaren lanak zuzentzeko kontratu zuela ere gezurra dela esan du.
Bestalde, Camiok onartu du diru publikoarekin ordaindu zituela bere ibilgailuarentzako erregaia eta konponketak, baina auto hori egitasmoari lotutako kontuetarako erabiltzen zuela esanez justifikatu ditu gastu horiek.
Arkitekto kubatarraren emaztearen enpresari eta Argilagosi mesede egin izana ukatu egin du, eta Balentziaga Museoaren proiektuaren fakturak benetakoak direla eta engainurik izan ez dela esan du.
Ildo horretan, Argilagosek Ameriketako Estatu Batuetan antolatu zuen erakusketa baterako Balentziagaren hamabost jantzi utzi ziola onartu du, baina horrek Fundazioarentzat kosturik suposatu ez zuela erantsi du. Alderantziz, museoa nazioartean sustatzeko balio izan zuela azpimarratu du.
Camio 2007ko martxoan kargugabetu zuten. Inolako azalpenik eman ez ziotela esan du. Bere iritzian, boterea eskuratzeko kendu zuten paretik.
Epaiketak asteazken honetan jarraituko du, lekukoen testigantzekin.