Politika -
Iruñeko Hauteskunde Batzordea
Bildu erregistratu dute, hauteskundeetan 'aldaketa' lortzea helburu
Maiorga Ramirez Nafarroako Gobernurako hautagaiak azaldu duenez, Iruñean erregistratu ondoren, EAEn ere tramite berbera egingo dute hauteskundeetan parte hartu ahal izateko.
Erredakzioa
Bilduk (Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta independenteek osatzen duten koalizioak) eskriturak erregistratu ditu Nafarroako Hauteskunde Batzordean maiatzeko hauteskundeetan parte hartzeko eta "bazterketarik gabe koalizioa osatuz aldaketa politikoa" lortzeko helburuarekin.
Koalizioa erregistratu ondoren Maiorga Ramirez EAren Nafarroako buruak azaldu duenez, Bildu "ez da B, C, D, E edo F plana, etorkizunerako estrategia bat da, Euskal Herrian beharrezkoa da abertzaleen batasuna gizarte justuagoa lortzeko, eta bake eta normalkuntza prozesua amaitzeko oinarrizko agentea izateko".
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroari "nahi duen guztia begiratzeko" deia egin dio. "Hori bai, ezin dira onartu hainbat aholku ministroak berak ez badie erantzuten Felipe Gonzalez presidente ohia GALen arduraduna zela dioten informazioei", Ramirezen arabera.
Ramirez Aitziber Sarasola Herriarron Garaia ekimeneko kidearekin batera joan da koalizioa erregistratzera Iruñera, eta EAEn ere gauza bera egingo dutela jakinarazi dute.
Gainera, Nafarroako Gobernurako hautagai nagusia bera izango dela azaldu du Ramirezek. Eva Aranguren, berriz, Iruñeko alkategai izango da.
Maiorga Ramirezen esanetan, Bilduk "nazionalista espainiarrek Euskal Herrian jokatzen duten bezala" jokatzen du, izan ere, "PPk eta PSOEk oso argi dute indarrak batu behar dituztela abertzaleek, aurrerakoiek eta ezkertiarrek aldaketa politikoa egitea galarazteko". "Guk ere etorkizuna bazterketarik gabeko batasunean oinarritzen dela uste dugu, eta etorkizun horren izena Bildu da", gaineratu du.
Buruzagi abertzaleak uste du Bildu "agente eragingarria eta oinarrizkoa" izango dela "bake prozesua eta normalkuntza politikoa" lortzeko.