Politika -
1986ko bi atentaturengatik
Auzitegi Nazionalak GALen azken auzia epaituko du astelehenean
Akusatuen aulkian Miguel Planchuelo Bilboko Poliziaburu ohia izango da. Lekukoen artean, Jose Amedo eta Michel Dominguez polizia ohiek deklaratuko dute.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak GALen auzken auzia epaituko du astelehenen honetan. Bertan, Miguel Planchuelo polizia ohia akusatuen eserlekuan egongo da 1986an Frantziako hegoaldean, "Batzoki" eta "Consolation" tabernetan egindako atentatuengatik. Horietan sei pertsona zauritu ziren.
1998an Auzitegi Gorenak bederatzi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra jarri zion Planchuelori 1983an Segundo Marey bahitzeagatik. Hori izan zen GAL taldeari egotzi zioten lehen ekintza, ETAren kontrako "gerra zikinean".
Marey auzian beste hainbat karguri 10 urteko zigorra jarri zieten: Jose Barrionuevo Barne ministro ohia, Rafael Vera Estatuaren Segurtasunerako idazkari ohia eta Julian Sancristrobal Estatuaren Segurtasunaren zuzendari ohia.
Herri akusazioak zapuztutako sei hilketa saiakera delitu eta lesio larrietako bat leporatzen dizkio Planchuelori. Horrez gain, Jose Amedo polizia ohiari mertzenario portugaldarrak kontratatzeko eta Frantziara atentatuak egitera eramateko agindua ematea leporatzen diote.
Amedo bera eta Michel Dominguez polizia ohiak lekuko gisa deklaratuko dute. Biei 1991an 108 urteko kartzela zigorra jarri zieten mertzenario portugaldarrak kontratatzeagatik. Mertzenario horiek Baionako "Batzoki" eta Donibane Lohitzuneko "Consolation" tabernetako atentatuetan parte hartu zuten 1986ko otsailaren 8an eta 13an, hurrenez hurren.
Epaiketak asteazkenera arte iraungo du.