Politika -
Manifestazioa
Milaka pertsona bildu dira Bilbon Sortu legeztatzearen alde
Gernikako Akordioaren sinatzaileek deituta, sindikatuen, kulturaren eta gizartearen hainbat ordezkari izan dira isileko protestan.
Erredakzioa
Sortu legeztatzearen aldeko manifestazioak milaka pertsona bildu ditu Bilbon. Horrekin batera, Espainiari jarrera aldatzeko eskatu diote "eskubide zibil eta politiko guztiak errespeta daitezen".
Gernikako Akordioko kideek deitutako martxan alderdi ezberdinetako ordezkariak izan dira:, ezker abertzaleko Tasio Erkizia, Marian Beitialarrangoitia eta Niko Moreno; Eusko Alkartasunako Pello Urizar, Alternatibako Oskar Matute eta Aralarreko Patxi Zabaleta, besteak beste. Sortuko zenbait ordezkari ere bertan izan dira.
Manifestazioa 17:30etan hasi da, "Euskal herriarentzat normalizazioa. Legalizaioa orain" lelopean. Beste hainbat pertsonak ere legalizazioaren aldeko kartelak eraman dituzte.
18:30ean, manifestazioburua Bilboko udaletxera iritsi da eta komunikatua irakurri dute Maider Karrerak, euskaraz, eta Mikel Totorikak, gaztelaniaz. Komunikatu horretan, manifestariek Espainiari jarrera aldatzeko eskatu diote "eskubide politiko guztiak" errespeta daitezen.
Irakurritakoaren arabera, "Estatua Euskal Herrian hasitako prozesua ukatzen ari da eta, era berean, itxaropena murrizten".
Horren harian, Gernikako Akordiokoek ETAri eta Estatuari egindako eskaeraren ondoren ETAk su-etena iragarri duela gogoratu nahi izan dute. Estatuak, aldiz, "Euskal Herrira indarkeria gehiago" ekarri duela salatu dute, "pertsonak atxilotuz eta Sortu legez kanpo utziz".