Politika -

2012ko hauteskundeak

Zapatero: 'Ez naiz hautagai izango hauteskunde orokorretan'

Ferrazen egindako Batzorde Federalean egin du iragarpena Gobernuaren presidenteak eta, gehitu duenez, PSOEk "dagokionean" abiaraziko du ordezkoa aukeratzeko prozesua.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernu espainiarraren presidenteak iragarri du ez dela hautagai izango 2012ko hauteskunde orokorretan.

Zapaterok Ferrazen (Madril) egiten ari diren Batzorde Federalean egin ditu adierazpenok eta azpimarratu nahi izan du aukeratu zutenean zortzi urte baino ez egoteko asmoa zuela eta ideia hori mantendu duela.

"Datozen hauteskunde orokorretan ez naiz hautagai aurkeztuko. Eskerrik asko zuen errespetu eta adiskidetasunagatik", esan du presidenteak.

Erabaki "ona"

Sozialisten idazkari nagusiak bere erabakia "aurrekaririk gabekoa" dela azpimarratu du. Bere ustez, hauteskunde orokorretarako urtebete falta da eta denbora hori "arrazoizko epea" da alderdiak behar dituen barne mekanismoak abian jartzeko.

Bukaerako hizketaldian, Gobernuko presidenteak bere erabakia maiatzeko hauteskundeetarako "ona" izango dela adierazu du. Horrez gain, alderdikideei barne-hauteskundeei "beldurrik ez" izateko esan die, beldurra "PPk bakarrik" izan behar duelako.

Batzorde Federala, maiatzaren 28an

PSOEren zuzendaritzak maiatzaren 28an egingo du Batzorde Federala, autonomia eta udal hauteskundeak izan eta astebetera. Batzorde horretan barne-hauteskundeen egutegia erabakiko dute. Hauteskunde horiek udan egingo lirateke eta hortik 2012ko hauteskunde orokorretako hautagai sozialista aterako da.

Zuzendaritzako iturri ofizialak izan dira data hori jakinarazi dutenak Zapatero presidenteak hirugarren hautagaitzari uko egin ondoren.

Erabaki horren bitartez, PSOEk hauteskundeetarako kartel berria osatzeko prozesua abian jarriko du. Maiatzaren 22ko hauteskundeen ostean egitea erabaki dute hauteskunde horietako eztabaidari oztoporik ez egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea