Politika -

Auzitegi Gorena

Aldeko epaileen ustez, sinesgarria da Sortu ETAtik aldendu izana

Haien esanetan, "alderdi bat legez kanporatzeko haren jardueretan edo jarreretan oinarrituta izan behar du, ezin da neurri prebentibo gisa alderdi bat ilegalizatu".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Goreneko 61. Aretoko 16 epaileetatik zazpik, Sorturen ebazpenarekin ados ez daudenek, sinesten dute Sortuk ETA baztertu duela. Gainera, ETAk "irizpide politiko berriak" bere egin dituela uste dute.

Epaileek boto partikularrean azpimarratu dutenez, Auzitegi Konstituzionalak Alderdien Legearen inguruan egindako interpretazioaren arabera, "alderdi bat legez kanporatzeko haren jardueretan edo jarreretan oinarrituta izan behar du, ezin da neurri prebentibo gisa alderdi bat ilegalizatu".

Zazpi epaileek boto partikular bakarra idatzi dute Sorturi alderdi politikoen erregistroan sartzeko debekuaren aurka daudela agertzeko.

Arrazoietako bat Sortu eta Batasunaren artean "antzekotasun handirik ez" dagoela da.

61. Aretoa osatzen duten gainerako 9 epaileen iritziaren (Sortu ETAren estrategia dela uste dute) kontra, zazpi epaile horien arabera, "sinesgarria da ezker abertzalea ETArengandik aldendu dela eta ETAk irizpide politikoei men egin diela, barne eztabaida sakonak egindako presioaren eraginez, baina ezin da baztertu egoera berri batean armetara itzul daitekeela".

Sorturen estatutu berriak irakurrita "indarkeria eta terrorismo ekintza oro zalantzarik gabe gaitzetsi" dituztela ondorioztatu dute aipatu epaileek. Alderdi berriak "kale borroka" ekintza batzuk gaitzesteko zabaldu zuen prentsa-agiria ere aintzat hartu dute epaileek, izan ere, "baliogabetu egiten ditu salaketak". Iragan astean egindako auzi-saio publikoek ez omen dute lortu Fiskaltzaren eta Estatuko abokatuaren salaketak frogatzea.

Juan Antonio Xiol, Gonzalo Moliner, Jose Manuel Sieira, Jose Luis Calvo, Alberto Jorge Barreiro, Rafael Gimeno-Bayon eta Manuel Alarcon epaileek sinatu dute boto partikularra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea