Politika -
Pello Urizarri elkarrizketa
Urizar: Koalizio soberanista bat egiteko 'aukera handiak daude'
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, koalizioko hautagaiek giza eskubideen aldeko kode etikoa sinatuko dutela azaldu du EAko idazkari nagusiak.
Erredaktorea
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak adierazi duenez, Sortu legeztatu ala ez, alderdi abertzaleen koalizio "ezkertiarra eta abertzalea" osatzeko "aukera handiak" daude. Koalizio horretan EA, Alternatiba eta independenteak sartuko lirateke.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, koalizioko hautagaiek giza eskubideen aldeko kode etikoa sinatuko dutela azaldu du EAko idazkari nagusiak. EAn 20 urte daramatzate hori sinatzen eta, Urizarren esanetan, koalizioak ohitura horri helduko dio.
Sorturen erregistroaren aurka Auzitegi Gorenak emandako ebazpena "mugan" hartu zuela adierazi du Urizarrek, izan ere, 61. Salako 16 magistratuetatik zazpik ilegalizazioaren kontrako botoa eman zuten.
EAko agintariaren esanetan, ezker abertzalearen atzean ETA dagoela ziurtatzen duen mezua "bakar batzuk sinesten dute; eta auzitegian, erdiek bakarrik".
Urizarren ustez, desadostasun hori da, hain zuzen, "Konstituzionalak Sorturen aldeko erabakia hartzeko lehen pausoa".