Politika -
Autoaren edukia
Sortu ETAren 'mozorro berria' dela adierazi du Gorenak
Autoaren edukia El Mundo egunkariari filtratu diote, aldeei jakinarazi baino 24 ordu lehenago. Sortu legeztatzearen alde agertu ziren zazpi epaileek boto partikular bakarra sinatuko dute.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak adierazi du ETAk "eratu, sustatu eta zuzendu" egin duela alderdi bat sortzeko ezker abertzaleak abiatu zuen prozesua, "indarkeriaren arbuio formala barne".
Alderdi abertzalearen aurkako autoaren edukiaren arabera, Sortu "ETA/Batasunaren mozorro berria da, bizitza politikoan parte hartzea lortzeko".
Gorenak ostiral honetan jakinaraziko die autoa bi aldeei, baina ostegun honetan El Mundo egunkariari filtratu dio.
Autoa 217 orrikoa da eta Carlos Lesmes epaileak idatzi du.
Orain, Sorturi betoa jartzearen aurka agertu ziren zazpi epaileek ostiral eguerdia arteko epea dute boto partikularra idazteko.
Azkenean, zazpi epaileek boto partikular bakarra sinatuko dute, eta Jose Antonio Xiol Rios Arlo Zibilaren Aretoko presidenteak idatziko du.
Gorenak ETAri atzemandako txosten batzuk izan ditu oinarri Sorturi hauteskundeetan parte hartzea galarazteko. Horietako batean, antza, Batasuna atentatuak gaitzesten uzteko prest agertu zen erakunde terrorista.
Sorturen aurka agertu diren epaileek aitortu egin dute alderdi barruan ETArekin zerikusirik ez duten "fede oneko pertsonak" daudela. Hala ere, indarkeria errefusatu izana balio gabekoa dela gaineratu dute, "arbuioa ez baita benetakoa".
Auzitegi Gorenak joan den asteko asteazkenean errefusatu zuen Sortu legeztatzea, baina historian lehen aldiz, erabakia ez zuen aho batez hartu (bederatzi epailek Sorturen aurka bozkatu zuten, eta zazpik alde).