Politika -

Aurkezpen ekitaldia

Hauteskundeetarako proiektu abertzalea abian jarri dute Nafarroan

500 pertsona inguru izan dira "Bagoaz" lelopean egindako ekitaldian. Hauteskundeetarako proposamen honek ez dauka oraindik izen ofizialik, "oraindik ez delako horretarako momentua".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Hauteskundeetarako proposamen berria" sortzeko "lehen pausoa" eman dute Eusko Alkartasunak eta Herritarron Garaia plataformak Lizarran. Adostutako proposamena "ezkertiarren, abertzaleen eta euskaltzaleen elkarlan eraginkorrean" oinarrituta dago.

Horrela adierazi dute Lizarran, Remontival pilotalekuan, egindako ekitaldi politikoan. Bertan, EA eta Herritarron Garaia plataformako ordezkariek hauteskundeetarako akordioaren oinarriak jende aurrean azaldu dituzte. Hala ere, ez dute proposamen bateru horren izena jakitera eman, "oraindik ez delako momentu aproposa".

Aurkezpen ekitaldia, "irteera puntua" deitu dutena, euskaraz eta gaztelaniaz egin dute "Bagoaz" lelopean. 500 pertsona inguru bildu dira pilotalekuan eta parte-hartzaileak "Independentzia" oihukatuz hartu dituzte.

Hizlarien artean, Maiorga Ramirez EAko Nafarroako idazkari nagusia egon da. Ramirezen hitzetan, aurkeztutakoa ekimenak "parte-hartzea, aniztasuna eta bateratzea" bultzatzen ditu.

Mezua gainontzeko alderdiei

Gainera, Ramirez beste alderdi abertzaleen inguruan ere aritu da, proiektu berritik kanpo daudenak, baina izenik eman gabe. EAko kideak adierazi duenez, horien artean "badago proiektu hau oztopatzeko asmoa dutenak, eta epe laburrera begiratu eta parte hartzeko aukera alferrik pasatzen utzi dutena".

"Euskal Herri osoari dei egiten diogu Nafarroatik eskaintza parte-hartzaile, anitza eta bateratua sortzeko", honen bitartez "pauso bat eman eta foru eta udal hauteskundeetarako bideari ekiteko".

Auzitegi Nazionalak arratsaldean bertan baieztatu du ekitaldia egiteko baimena, Dignidad y Justizia elkarteak debekatzeko eskatu arren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea