Politika -

EiTB Focus

EAJk lehenengo postua berreskuratuko luke hauteskunde orokorretan Euskadin

EiTB Focusen arabera, gainera, EH Bilduk eserleku bat irabaziko luke, Podemosek lehenengo postua galduko luke, PSEk bere datuak hobetuko lituzke, eta PPk inoizko emaitzarik txarrenak izango lituzke.

Boto-asmoa hauteskunde orokorretan, EAEn.
Boto-asmoa hauteskunde orokorretan, EAEn.
EAJk lehenengo postua berreskuratuko luke hauteskunde orokorretan Euskadin

7:49

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Alderdi Jeltzaleak irabaziko lituzke apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan Euskal Autonomia Erkidegoan, botoen % 28,5 eta sei diputatu lortuta.

Hamabigarren EiTB Focus inkestaren lehenengo olatuak 2019ko martxoko datuak eman ditu, Espainiako Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskundeen aurrean EAEn dagoen boto-asmoaren ingurukoak, besteak beste.

Inkestaren datuen arabera, EAJk eserleku bat irabaziko luke, eta aurreko hauteskundeetan irabazi zuen Podemosen eta Ezker Batuaren arteko koalizioa (Elkarrekin Podemos) gaindituko luke; koalizioa bigarren geratuko litzateke orain. EH Bilduk emaitzak hobetuko lituzke, diputatu bat gehiago lortuta. Pedro Sanchezen eraginak PSE-EEren emaitzak hobetuko lituzke Euskadin, eta Casadoren PPk inoizko daturik kaskarrenak eskuratuko lituzke.

Boto-asmoa EAEn

EAJ izango litzateke EAEko alderdi bozkatuena, botoen % 28,5 eskuratuta (3 puntutik gorako igoera). Atzetik, Elkarrekin Podemos bigarren postuan geratuko litzateke, botoen % 20,7 jasota (ia 9 puntuko jaitsiera).

Koalizio horretatik gertu, hirugarren postuan, PSE-EE geratuko litzateke, botoen % 20 lortuta (ia 6 puntuko igoera). EH Bildu litzateke EAEko laugarren indarra, botoen % 15,6 bereganatuta (aurrekoetan baino 2 puntu gehiago). Bosgarren eta azken tokian, PPk botoen % 9,7 eskuratuko lituzke (ia 3 puntu galduko lituzke).

Boto-asmoa EAEn.

EAEko eserlekuen estimazioa

2016ko hauteskundeetan baino diputatu bat gehiago eskuratuko lituzke EAJk, 6 ordezkari izango balituzke, datuak baieztatuz gero. Elkarrekin Podemos 6 diputatu izatetik 4 izatera pasatuko litzateke, eta PSE-EEk ere 4 diputatu eskuratuko lituzke (aurrekoetan baino bat gehiago).

EH Bilduk ere diputatu bat irabaziko luke datuak 2016ko emaitzekin alderatuta, eta 2 izatetik 3 izatera igaroko litzateke. PPk, ordea, egunn dituen bi diputatuetako bat galduko luke, eta EAEko ordezkari gisa diputatu bakarra izango luke Kongresuan.

Ciudadanosek eta Voxek ez lukete Diputatuen Kongresuan EAEko ordezkaririk lortuko.

Eserlekuen estimazioa EAEn.

Arabako eserlekuen estimazioa

Araban dago agertoki estuena. Elkarrekin Podemosek eta PPk botoak galduko lituzkete eta EAJk, PSOEk eta EH Bilduk gora egingo lukete, baina Arabako diputatuen banaketa ez litzateke aldatuko.

Elkarrekin Podemosek, EAJk, PSE-EEk eta PPk eserleku bana izango lukete, eta EH Bilduk ordezkaritzarik gabe jarraituko luke, Ciudadanosek eta Voxek bezala.

Eserlekuen estimazioa Araban.

Bizkaiko eserlekuen estimazioa

Bizkaian, EAJk 3 diputatu lortuko lituzke (egun baino bat gehiago). PSE-EEk ere 2 diputatu eskuratuko lituzkete (bat irabaziko luke), eta Elkarrekin Podemosek ordezkari bat galduko luke; 3 diputatu izatetik 2 izatera pasatuko litzateke.

EH Bilduk egun duen ordezkariari eutsiko lioke, eta PPk galdu egingo luke gaur egun duen bakarra, eta, lehenengo aldiz, ez luke diputaturik eskuratuko lurraldean.

Eserlekuen estimazioa Bizkaian.

Gipuzkoako eserlekuen estimazioa

Gipuzkoan, EAJk lehenengo postua berreskuratuko luke, 2 diputatu lortuta; EH Bilduk ere kopuru bera izango luke (2 eserleku), bat irabazita, eta Elkarrekin Podemos aurreratuko luke.

Moreek ordezkari bat galduko lukete, 2 diputatu izatetik 1 izatera igarota, eta PSE-EEk laugarren indarra izaten jarraituko luke, ordezkari batekin. PPk, Ciudadanosek eta Voxek ez lukete Gipuzkoan ordezkaririk lortuko.

Eserlekuen estimazioa Gipuzkoan.

Buruzagi politikoen balorazioa

Aitor Esteban (EAJ) da buruzagi politiko baloratuena, 6,4ko nota jarri baitiote. Hurrengoa, Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu), ia puntu batera dago, 5,5eko notarekin, eta Pedro Sanchez (PSOE) dago hirugarren, 5,1ekoarekin.

Diputatu abertzaleak eta Espainiako Gobernuko presidentea dira EAEko herritarren azterketa gainditu duten bakarrak. Ondoren, Pablo Iglesias (Elkarrekin Podemos) dago gertuen, 4,8ko notarekin. Espainiar eskuineko alderdietako buruzagiak dira okerren baloratu dituztenak: Albert Rivera (Ciudadanos), 1,9ko notarekin; Pablo Casado (PP), 1,6koarekin, eta Santiago Abascal (Vox), 0,7koarekin.

Buruzagi politikoen balorazioa.

Espainiako Estaturako aurreikuspenak

Euskadiko herritarren gehiengo zabalaren ustez, PSOE izango da alderdi bozkatuena Espainian. Galdetutakoen % 61,4k uste dute sozialistek irabaziko dituztela hauteskunde orokorrak.

Bestalde, % 12,7k baino ez dute pentsatzen PP izango dela alderdi bozkatuena.

Hala ere, galdetutako ia laurden batek ez daki edo ez du erantzun.

Zer alderdik uste duzu irabaziko dituela hauteskunde orokorrak?

Hauteskundeen ostean Gobernua osatzeko sor daitezkeen balizko bi koalizioetako zein nahiago luketen galdetuta, EAEko 10 herritarretik 9k (% 86,3) nahiago dute PSOEk, Podemosek eta alderdi abertzaleek osatu ahalko luketena.

Galdetutakoen % 4,1ek nahiago lukete koalizioa PP, Ciudadanos eta Vox alderdiek osatzea, eta ia % 10ek ez dakite zer erantzun edo nahiago dute erantzunik ez eman.

Zer koalizok nahiago zenuke agintzea Espainian?

Vox Kongresuan

EAEko herritarren % 84,5i gaizki edo oso gaizki iruditzen zaie Vox Diputatuen Kongresuan sartzea. % 67,1 dira, gainera, aukera horri oso gaizki deritzotenak.

Zer deritzozu Voxek Kongresuan sartzeari?

Talde horren barruan, galdetutakoen % 67,9 eskuin muturreko ideologia duelako daude Santiago Abascalen alderdiaren aurka.

Zergatik iruditzen zaizu txarra Vox Kongresuan egotea?

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV PSOE PP IU Euskal Autonomia Erkidegoa Hauteskunde orokorrak Espainia Alderdi politikoak Pedro Sánchez EH Bildu Hautagaiak Ciudadanos Albert Rivera EiTB Focus Hauteskundeak Pablo Casado Blanco Vox Santiago Abascal Hauteskunde inkestak