Politika -
Sortu alde batera utzita
Batasunak beste bide batzuk erabiltzea saihestuko du Gobernuak
"Ematen duen bezala Sorturen legeztapena alde batera utziz, beste mekanismo batzuk erabiliz" Batasuna erakundeetara itzultzen saiatzen bada Exekutiboak aurka egingo duela ohartarazi du Rubalcabak.
Erredakzioa
"Ematen duen bezala Sorturen legeztapena alde batera utziz, beste mekanismo batzuk erabiliz" Batasuna erakundeetara itzultzen saiatzen baldin bada Exekutiboak aurka egingo duela ohartarazi du gaur Alfredo Perez Rubalcaba presidenteordeak.
Ministroen Kontseilua amaitu ostean emandako prentsaurrekoan, Gobernuak Auzitegi Gorenaren erabakia errespetatzen eta onartzen duela errepikatu du Rubalcabak. Batasunak aldatzen jarraitu beharko du, "auzitegien aurrean ETArekin harremanik ez duela demostratzen duen arte", Barne ministroaren hitzetan.
Sortuk Auzitegi Gorenaren erabakiaren aurkako babes helegitea aurkeztekotan Auzitegi Konstituzionalak hartu dezakeen erabakiaren harira, Barne ministroak ez du ezer esan, baina Alderdien Legearen interpretazioa egiterakoan Konstituzionalaren eta Gorenaren adostasuna goraipatu du.
Estrasburgo
Ildo horretan, Estrasburgoko Auzitegiaren epaia goraipatu du. Estrasburgoko Auzitegiak Batasuna legez kanpo utzi zuen eta irizpide juridikoak ezarri zituen erakundeetan egotea saihesteko.
Rubalcabaren hitzetan, Batasunaren munduan mugimenduak eman eta aldaketak izan dira, baina "ez dira nahikoak izan".