Politika -
Apirilaren 2an Bilbon
Gernikako Akordioak manifestazioa deitu du legalizazioaren alde
EAk, Aralarrek, Alternatibak eta ezker abertzaleak salatu dutenez, Sorturen legalizazioa galarazita "Estatuak bake prozesurako eta normalizazio politikorako aukerak suntsitu nahi ditu".
Erredakzioa
Gernikako Akordioaren alderdi sinatzaileek (EA, Aralar, Alternatiba eta ezker abertzalea) manifestazioa deitu dute datorren apirilaren 2an, Bilbon, Sorturen legalizazioa aldarrikatzeko.
Alderdi horien ordezkariek Bilbon emandako prentsaurreko batean azaldu dutenez, Auzitegi Gorenak Sorturen legalizazioa galarazita "Estatuak bake prozesurako eta normalizazio politikorako aukerak suntsitu nahi ditu".
Haien esanetan, Gorenaren erabakiak agerian uzten du "Espainiako Estatuak euskal gizartearen eskubide zibilak eta politikoak mespretxatzen dituela".
Gernikako Akordioaren sinatzaileen ustez, "ezinbestekoa da eskubide zibilak eta politikoak errespetatzea bakea eta normalkuntza lortzeko".
Manifestazioa deitu dutenen arabera, Estatuak "jarduera politiko oro legalizatu eta normalizatu behar du trukean ordainik eskatu gabe".
Gernikako Akordioaren sinatzaileek salatu dute Gorenaren erabakia ez dela "uharte bat ozeanoaren erdian", izan ere, haien esanetan, "Espainiako Estatuak oinarrizko eskubideen defentsaren kontrako jarrera izan du, tortura kasuetan adibidez, eta ez du gatazka konpontzearen aldeko jarrerarik agertu, kontrakoa baizik".
Bakea lortzeko "prozesuaren motorra" euskal gizartea dela eta "protagonismoa" hari soilik dagokiola azpimarratu dute. Hori horrela, herritarren lana indartzeko "tresnak" jartzeko asmoa dutela azaldu dute.