Politika -

Inskripzioa, debekatuta

Justizia zatituta, Sorturen aurrean

Sortu ez legeztatzea bi botoko aldeaz erabaki zuten Auzitegi Gorenean: bederatzi epailek alderdia legeztatzearen aurka bozkatu zuten, eta zazpik alde.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sortu legezkoa izatea dirudiena baino gertuago izan da Auzitegi Gorenean, eta epaileen arteko zatiketa hiru boto partikularrek erakusten dutena baino handiagoa da.

Izan ere, bozketako aldea bi botokoa baino ez zen izan: bederatzi epailek Sortu debekatzearen alde bozkatu zuten, eta zazpik aurka. Ilegalizazio prozesuetan aurrekaririk ez duen zatiketa.

Iturri batzuen arabera, Sortu legeztatzearen alde agertu diren zazpi epaileak boto partikular bakarra aurkeztea aztertzen ari dira, baina, hori bai, zazpiek sinatuta.

Horrela, epaia hauteskundeetara aurkezteko epea agortu baino lehen ematera behartu nahi dute Auzitegi Konstituzionala.

Beste aukera bat dago: epaile horiek hiru boto partikularretako batekin bat egitea.

Kontuan hartzekoa da Sortu legeztatzearen alde dauden zazpi epaileetako hiru aretoko presidente direla, hots, Juan Antonio Xiol Ríos (arlo zibileko aretoa), José Manuel Sieira (administrazio arlokoa) eta Gonzalo Moliner (arlo sozialekoa).

Hirurak Carlos Lesmes txostengilaren argudioen aurka agertu ziren, baina ez zuten agertu boto partikularra emateko asmorik. Gimeno-Bayónek, Manuel Ramón Alarcónek eta José Luis Calvo Cabellok, ordea, aurkeztu egingo dute. Sorturen alde dagoen zazpigarren epailea Alberto Jorge Barreiro da. Epaile progresistak guztiak.

Aitzitik, Sortu debekatzearen alde honakoak agertu ziren: Carlos Dívar presidentea, Juan Saavedra Zigor Aretoko presidentea, Ángel Calderón Areto militarreko presidentea, Xavier O''Callaghan Muñoz, Carlos Granados Pérez, Ricardo Enríquez Sancho, Aurelio Desdentado Bonete eta Francisco Javier de Mendoza Fernández.

Sortu hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko, Konstituzionalak apirilaren 18a baino lehen eman beharko lioke baimena, egun horretan egingo baitituzte ofizial hauteskunde-zerrendak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea