Politika -

A28

CUPek ez du hauteskunde orokorretan parte hartuko

Kontseilu politikoaren ia bi heren agertu dira Estatuko bozetan parte hartzearen aurka, hautagaitza eraldatzailea eta apurtzailea ez dela posible iritzita.

Mireia Boya CUPeko kidea. Argazkia: EiTB
Mireia Boya CUPeko kidea. Argazkia: EiTB
Mireia Boya CUPeko kidea. Argazkia: EiTB

eitb.eus | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CUPek apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan ez parte hartzea erabaki du gaur egindako aparteko Kontseilu Politikoan, nahiago duelako "udal hauteskundeetan zentratu", jakinarazi du alderdiak prentsa-agiri batean.

CUPen militantziak uste du ez dagoela "beharrezko baldintzarik Espainiako Estatuan benetako hautagaitza apurtzailea eta eraldatzailea izateko".

Erabaki horren alde agertu dira kontseiluko 37 kide; 20k kontra bozkatu dute; eta 4 abstenitu egin dira, Mireia Boya CUPeko diputatu ohiak bileraren ostean komunikabideei azaldu dienez.

Boyak adierazi du bi proposamen bozkatu dituztela, bat hauteskundeetan aurkeztearen aldekoa, Kongresua blokeatzeko asmoa zuena, eta beste bat kontra, "bestelako ekintza politikoak" aurreikusten dituena. Azken horrek irabazi du, eta hilaren 23an eztabaidatuko dituzte hartu beharreko neurriak.

"Hausturarako baldintzak udaletatik eraikitzera bideratu nahi dugu esfortzu guztia", adierazi du Boyak, behetik eta etengabeko mobilizazio bidez egingo dutela adierazi aurretik.

Horren harira, martxoaren 16an Madrilen egingo duten manifestazio independentistan parte hartzeko deia egin diete jarraitzaileei, "Kataluniako gizartearen jarduera ez dagoelako soilik erakundeetan, baita kalean ere".

Poble Lliure CUPen barruko korronteak atzo esan zuen alderdiak hauteskunde orokorretarako "hautagaitza osatzeko erronka hartu" beharko lukeela Estatuarekin hausteko aukera eskaintze aldera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Politika Espainiako hauteskunde orokorrak Eguneko albisteak Hauteskundeak CUP