Politika -
Biktimen Europako eguna
ETAren indarkeria ez zuritzeko eskatu dute biktimek
Atzo biktimek Gasteizen eta Iruñean egindako ekitaldien ondotik, gaur Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ekitaldi instituzionalak egingo dituzte Donostian eta Iruñean.
agentziak
Gaur, martxoak 11, Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna izaki, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ekitaldi instituzionalak antolatu dituzte Donostian eta Iruñean, hurrenez hurren.
Eusko Jaurlaritzak Donostia aukeratu du aurten, ekitaldia egiteko. 10:30ean izango da hitzordua Alderdi Ederren, udaletxe pareko lorategietan, "Bidegabea izan zen. Gizartea eta biktimak elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz" lelopean. EH Bilduk ez du ekitaldian parte hartuko, leloan "bidegabe" hitza erabiltzea koalizioa baztertzeko saiakera dela iritzita. EAko ordezkaritza bat bai joango da ekitaldira.
Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, elkarretaratzea egingo du 12:00etan Iruñean, foru gobernuaren egoitzaren aurrean. EH Bilduk parte hartuko du.
Atzo, igandea, terrorismoaren biktimen bi ekitaldi handi egin zituzten Hego Euskal Herrian, bat Iruñean eta bestea Gasteizen, gaur Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna delako.
ETAren eta jihadismoaren lau biktimak lekukotzak eman zituzten Terrorismoaren Biktimen Memoria Zentroan, Gasteizen.
Maria Soledad Chavarrik, ETAk 1979an hil zuen Miguel Chavarriren alabak, ETAko presoak etxera itzultzen direnean "heroi gisa" nola hartzen dituzten ikustea "oso mingarria" dela esan zuen. "Imajinatzen duzue bortxatzaileei omenaldiak egitea?", galdetu zuen.
Miguel Chavarriren alabaz gain, Juan Benito Madrilen M11n hil zuten Rodolfo Benito gaztearen aitak ere kontatu zuen bere esperientzia. Maria Jose Rodriguez Patok ere hitz egin zuen ekitaldian, 1985ean El Descanso jatetxean jihadistek Espainian egin zuten lehenengo atentatuan hil zuten Jose Arturoren arrebak. Azkenik, Blanca Callejak, 2007an Yemenen hil zutenn Magie Alvarez gipuzkoarraren amak ere kontatu zuen bere esperientzia.
Maria Soledad Chavarriren aita udaltzainburua zen Beasainen eta tirokatuta hil zuen ETAk 1979ko martxoaren 9an. Denbora asko igaro den arren, atentatuaren egileak oraindik identifikatu ez dituztela eta krimena preskribatu egin dela salatu zuen.
Azpimarratu zuen ez duela mendekurik nahi, justizia eta egia baizik, hilketaren egileak bilatu eta zigor ditzaten.
Atentatuak ez ahazteko deia egin zuen, biktimek ikasgeletan hitz egitea defendatu zuen eta ETAren 300 hilketa oraindik argitu gabe daudela azaldu zuen.
Gorka Landaburu kazetari eta ETAren biktima izan zen ekitaldiaren aurkezlea, eta euskal gizarteak, "koldarkeriagatik" ETAren aurrean berandu erantzun duela kritikatu zuen.
Iruñea
Terrorismoaren biktimen hainbat elkartek kontzentrazioa egin zuten atzo goizean Iruñean, gaur Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna delako. Justizia eta konponketa eskatzeaz gain, ETAren historia "zuritzeko" ahalegina errefusatu zuten.
Nafarroako hiriburuko Baluarte plazan egin zuten elkarretaratzea, terrorismoren biktimen omenez jarritako monumentuaren ondoan. Tomas Caballero Fundazioa, Vecinos de Paz, Libertad Ya, Sociedad Civil Navarra, Asociación por la Tolerancia, Doble 12, Recuperar Navarra eta ANVITE elkarteek deitu zuten.
Era berean, bertan izan ziren Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilaria, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, Javier Esparza UPNren presidentea, Jose Cruz Perez Lapazaran PPNren senataria, Ruth Goñi Ciudadanosen idazkaria, Koldo Martinez Geroa Bairen Parlamentuko bozeramailea eta Maite Esporrin PSNk Udalean duen bozeramailea, besteak beste.
Elkarretaratzea "Egia, memoria, duintasuna eta justizia" lelopean egin zuten, eta irakurri zuten idatzian Iruñeko Udalean eta Nafarroako Gobernuan "iraganean erakunde terroristaren ekintzak justifikatu zituzten pertsonak" daudela salatu zuten, eta gaur egun "ETAren terrorismoak gaitzetsi gabe" jarraitzen dutela.
"Ez diegu utziko ETAren oinordekoei ETAren historia terrorista zuri dezaten", azpimarratu zuten idatzian.
Gainera, gogor kritikatu zuten "espetxetik atera diren hiltzaileei omenaldiak munduko gauza normalena balira bezala" egiten direla. COVITEren datuen arabera, horrelako 18 ekitaldi izan dira aurten, eta 296 2016tik.