Politika -
Gorenaren erabakiaren ostean
Epaia PSOEren 'zurikeriagatik' eman dela uste du ezker abertzaleak
Hala ere, "egindako apustuan atzera pausorik ez" dela izango azpimarratu dute ezker abertzaleko agintariek. "Euskal Herriak norabidez aldatzea ez du lortuko Madrilek", erantsi dute.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak Sorturen inguruan hartutako erabakia PSOEren ardura dela adierazi du ezker abertzaleak. Sozialistek "PPren aurrean zurikeriaz" jokatu dutela uste dute ezker abertzaleko agintariek, "beti PPk eskatutakoa egin dutelako". Horrek alderdi berriaren aurkako "eraso andana" batean izan du ondorio.
Donostian emandako prentsaurrekoan, Txelui Moreno eta Marian Beitilarrangoitia ezker abertzaleko agintariek testu bat irakurri dute euskaraz eta gaztelaniaz. "Egindako apustuan atzera pausorik ez" dela izango azpimarratu dute ezker abertzaleko ordezkariek. "Euskal Herriak norabidez aldatzea ez du lortuko Madrilek", gaineratu dute.
"Auzitegiek ez digute ezer eskatu behar, legea betetzera behartu behar gaituzte soilik", nabarmendu du Beitialarrangoitiak. Ezker abertzaleak hauteskundeei begira duen egitasmoaren berririk ez du eman, zentzu horretan baloraziorik egiteko unea ez dela iritzita. "Jokoan dagoena ez da hori", gaineratu du Beitialarrangoitiak.
Patxi Lopez lehendakaria kritikatu du ezker abertzaleko ordezkariak. Sorturen legeztapenaren inguruko iritzia eman duenean Lopez kontraesanetan erori dela adierazi du Beitialarrangoitiak. Horregatik, "argitzeko" eskatu dio lehendakariari.