Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Caamaño: 'Konstituzionalak ahalik eta lasterren ebatziko du helegitea'
Hiru epailek emandako boto partikularrei dagokienez, epaimahaietan "eztabaida juridikoak" izatea "normala" dela adierazi du Justizia ministroak.
Erredakzioa
Francisco Caamaño Espainiako Gobernuko Justizia ministroa pozik agertu da gaur, Auzitegi Gorenak Estatuko Abokatutzaren argudioak "onartu" eta Sortu maiatzaren 22ko hauteskundeetara aurkeztea galarazi egin baitu. Hori bai, "behatzen" jarraituko dutela ohartarazi du, "demokrata ez direnak erakundeetan sartzea saihesteko".
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, Caamañok hizpide hartu du hiru epailek boto partikularra eman izana: "Normala da [auzitegietan] eztabaida juridikoak izatea". "Eztabaida izan da, baina Zuzenbide Estatuak funtzionatu egin du", gaineratu du.
Bere esanetan, "normala" da Zuzenbidearen interpretazioan iritzi ezberdinak izatea, baina azkenean "epaileek jarrera bat finkatu dute, eta hori da inportanteena".
Caamañok ohartarazi du Sortu ez dela legezkoa izango: "Garrantzitsuena legea betetzea da, legeak ezartzen baititu eskubideak eta askatasunak gauzatzeko baldintzak, eta kasu honetan legeak ezartzen ditu legezkoa izatekoak.
Justizia ministroaren esanetan, "estatutuetako esfortzua eta literatura gora behera", Sortu Batasunaren jarraipena den "zantzuak" daude.
Sortuk aurkez lezakeen helegitearen harira, ministroa "ziur" agertu da Auzitegi Konstituzionalak "ahalik eta lasterren" ebatziko duela.