Politika -
Sortu inskribitzeko debekua
Gorenaren erabakiak zatitu egin ditu alderdiak
EAJk, EBk, EAk, Aralarrek eta Alternatibak ebazpen politikoa izan dela salatu dute. PSOEk, PPk eta UPyDk, berriz, Auzitegiaren erabakia errespetatzeko deia egin dute.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak Sorturi alderdi politikoen erregistroan sartzea debekatu izanak zatitu egin ditu euskal alderdiak. PP, PSE eta UPyD gustura agertu dira erabakiarekin eta EAJk, EAk, EBk, Aralarrek eta Alternatibak, berriz, politikoki kutsatutako ebazpena dela salatu dute.
EAJk adierazi duenez, ebazpenarekin "euskal gizartearen arazo politikoari irtenbidea emateko pauso bat emateko aukera galdu da" eta "kutsadura politikoak" eragina izan du fiskalengan, poliziengan eta epaileengan.
Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak Auzitegi Gorenaren erabakia errespetatu egiten dutela esan du eta gauza bera egiteko deia egin die gainerako alderdi politiko guztiei.
Iñaki Oyarzabal EAEko PPren idazkari nagusiak bat egin du Pastorren iritziarekin eta "denek" ebazpena "errespetatzen jakingo dutela" espero du.
Jon Abril Aralarren koordinatzailearen ondokoak gogor gaitzetsi du 61. Aretoaren erabakia, "beste behin ere" botere judizialak "independentziarik ez duela eta bultzada politikoen arabera jokatzen duela" erakutsi duelakoan.
Pello Urizar EAren idazkari nagusiak ebazpena "albiste txarra" izan dela salatu du, eta "presio politikoaren" ondorio dela.
Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak, berriz, "ospatu" egin du erabakia eta "logikoena" horixe zela azpimarratu du.
Alternatibak, bere aldetik, Sorturen erregistroa galaraztea "zentzugabekeria politiko-juridikoa" izan dela eta "PPren eta PSOEren borondateari" jarraitzen diola salatu du.
Mikerl Arana EBren idazkari nagusiak hitz eman du erabakia "onartzen" duela, baina ez duela konpartitzen, erabaki "politikoa" izan delako.