Politika -
Hauteskundeak
'Casado eta Vox bezalako marrazoen' aurrean Euskadi defendatuko duela esan du EAJk
Esteban Kongresurako zerrendaburu jeltzaleak azpimarratu du legegintzaldi honetan "sarea beteta" ekarri dutela Madrildik, tartean kupoa berrituta.
agentziak | erredakzioa
Aitor Esteban EAJk Espainiako Diputatuen Kongresurako Bizkaitik aurkeztu duen zerrendaburuak esan du bere alderdia dela Madrilen Euskadi defendatuko duen bakarra "Casado eta Vox bezalako tiburoien" aurrean.
Busturialdean aurkeztuko dituzten udal hautagaien aurkezpenean parte hartu du Estebanek Bermeon, eta arrantzale herrian zegoela aprobetxatu du lanbide horri lotutako diskurtsoa egiteko. Hala, datorren "enbatari" aurre egiteko "tripulazio ona" behar dela adierazi du.
Itxaso Atutxa EAJren Bizkaiko presidentea eta Unai Rementeria ahaldun nagusia izan ditu lagun ekitaldian, eta Kontzertu Ekonomikoa, Gernikako Estatutua eta euskara "tiburoien" aurrean nork defendatuko dituen galdetu du, Pablo Casado PPren buruari, Voxi eta PSOEren "zuhurkeria"ri erreferentzia eginez.
Estebanek azpimarratu du legegintzaldi honetan "sarea beteta" ekarri dutela Madrildik, tartean EAEko eta Nafarroako kupoak berritzea, AHTaren eraikuntza eta pentsioen gorakada.
"Ez da itsasontziarekin joan-itzulia egitea bakarrik. Sarea arrantzaz beteta ekartzen jakin beharra dago, eta EAJk horixe egiteko gai dela erakutsi du", goraipatu du.