Politika -

Elkarrizketa

Gobernuan aldaketa egoteak espetxe politika 'blokeatuko' duen beldur da Fernandez

Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetza idazkariak Sanchezen Gobernuak presoen gaian "irekitako atea" balioetsi du, eta biktimen elkarteetan aurrerapenak ondo hartu dituztela esan du.

Jonan Fernandez, Radio Euskadin.
Jonan Fernandez, Radio Euskadin.
'Eusko Jaurlaritzak arrazoizko espetxe-politika baten alde egingo du beti'

1:47

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandez, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza idazkari nagusia, apirilaren 28ko hauteskundeen ostean espetxe politikan egindako aurrerapenak geldituko diren beldur da, Radio Euskadin esan duenez. PP, Ciudadanos eta Vox Espainiako Gobernura heltzen badira, presoen gaian "blokeoa" itzultzeko arriskua dagoela esan du.

Gainera, idazkariak kritikatu duenez, "zenbait indar politikok" espetxe politiken gaia erabiltzen dute "amorruaren suaren erregaitzat".

Pedro Sanchezen Gobernuak egindako "aldaketa garrantzitsua" goraipatu du Fernandezek (26 preso lekualdatu dituzte Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara), Mariano Rajoyren Gobernuaren "erabateko blokeoaren ostean atea ireki" duelako. "Aldaketa handiagoa izatea gustatuko litzaiguke, presoak gertuago edo Euskal Herrian dauden kartzeletara hurbilduz, baina aldaketak bere balioa dauka, atea ireki delako eta prozesuari hasiera eman zaiolako", balioetsi du Fernandezek.

Bizikidetza idazkariak, gainera, Estatu espainiarreko zein frantziarreko biktimen elkarteetan neurriek "onarpen maila altua" izan dutela nabarmendu du.

PPren Gobernuarekin "aldaketak emateko akordio nahikorik egon ez zela" onartu du, eta "harreman arina" zegoen arren kontaktuek ez zutela emaitzarik eman. Gaineratu duenez, "Espainiako Gobernuan nor dagoen alde batera utzita bizikidetza eta sen on eta humanitarioa" espetxe politikara eramaten "saiatzen" jarraituko du Eusko Jaurlaritzak, orain indarrean dagoen politika "presoen familientzat kaltegarria delako".

Zentzu horretan, idazkariak azaldu du Eusko Jaurlaritzak aurkeztuko duen Espetxe Politikaren Planak, EAEko eskumenen barruan, "legea betetzea" eta "birgizarteratzera begirako tratamendurik humano eta legezkoena" defendatuko du, ez bakarrik "ETAko edo ETAri lotutako presoi begira", baizik eta EAEko kartzeletan preso dauden pertsona guztiei.

'Herenegun', datorren ikasturterako prest

Bizikidetza idazkariak iragarri duenez, 'Herenegun' proiektu didaktikoaren diseinu berria datorren ikasturterako egongo da prest, egindako ekarpenak jaso eta udaberrian "guztiekin hitz egin" ostean. "Aldaketak izango ditu, bestela ez litzateke zintzoa izango tarte hau irekitzea", esan du Fernandezek. "Kontuz lantzeko gaia da, min ematen duena, iragana oso mingarria delako", esan du.

Horregatik, eztabaidan "lasaitasuna" eskatu du idazkariak, eta "entzun, hitz egin eta ardurak aintzat hartu" behar direla esan du, "oinarri aldaezinen" barruan "ezin delako terrorismoa edo indarkeria justifikatzen duen ezer sartu". Fernandezek defendatu duenez, "ezin dugu" azken 60 urteetako "indarkeria ekintza larri bat bera ere kanpoan utzi", "ezagutu behar direlako".

"Autokritika gehiago" eskatu du Fernandezek

Pozik agertu da "biktimen gaian gero eta erabilpen alderdikoi gutxiago" dagoelako, eta onartu du "utzikeria eta arreta falta egon dela", eta "batzuetan biktimak erabili egin" direla. "Oso bizitza esperientzi desberdinak izan dituzten pertsonen arteko" ekitaldiak nabarmendu ditu idazkariak, Foro Sozialak Donostian ETAko biktimen eta presoen senideen artean antolatutakoa bezalakoak.

Hala ere, Bizikidetza idazkariak autokritika gehiago botatzen du faltan. Maria Jauregi ETAko biktimaren hitzak ekarri ditu gogora: "garrantzitsua da modu batean edo bestean hiltzea gaizki egon zela esatea". Fernandezentzat, "giza eskubideak urratzea gaizki egon zela eta bidegabea izan zela" onartzea bizikidetzarako "oinarrizko gutxienekoa" da. "Hori ez bada onartzen, mota horretako ekitaldiek ez dute zentzurik", esan du.

"Gabezia bat da guztion artean ETAri buruz egindakoaren balorazio kritikorik ezin egitea", deitoratu du Fernandezek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak ETA Bakea Euskadin Espetxeak Terrorismoaren Biktimak