Politika -

Biktimak

Foro Sozialeko biktimek indarkeria guztiak aitortzea eskatu dute aurrera egiteko

Bestalde, Maria Jauregik presoen harrerak pribatuak izatea eskatu du, eta Peru del Hoyo kartzelan hildako preso baten semeak babesa eman dio.

jauregi eta Del Hoyo, Foro Sozialaren ekitaldian. Argazkia: EiTB
jauregi eta Del Hoyo, Foro Sozialaren ekitaldian. Argazkia: EiTB
Indarkeria desberdinen biktimen bi seme-alaba bildu ditu Foro Sozialak

1:49

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Jauregik, Juan Mari Jauregi ETAk 2000an hil zuen gobernadore zibilaren alabak, "autokritika" eskatu dio ETAko "preso bakoitzari", aitor dezaten "desberdin pentsatzen dutenak hiltzea gaizki" dagoela. Aitortza horrek "abantaila asko ematen ditu gizarteratzeko orduan".

Jauregik Foro Sozialaren batzar batean parte hartu du Donostiako Miramar jauregian, ETAren beste biktima batzuekin eta ETAko presoen senideekin batera. EH Bilduko ordezkariak ere bertaratu dira, hainbat sozialista eta jeltzalerekin batera.

Lehenik, politikari sozialistaren alabak bere esperientzia pertsonala kontatu du ahal zuen heinean, emozioak jota eten egin behar izan baitu kontaketa. Aitaren hilketak bere bizitzan izandako ondorioak azaldu ditu.

Peru del Hoyorekin (espetxean bihotzekoak jota hil zen ETAko preso baten semea) egon da mahai-inguruan, eta "gogoeta" egitera deitu du, "desberdin pentsatzeagatik hiltzea gaizki dagoela" aitortzeko, indarkeria "datorren tokitik datorrela".

Bestalde, Jauregik espetxea izan du hizpide, eta adierazi du balitekeela "gaur egungo espetxeak gizarteratzeko bide egokienak ez izatea".Baina bestalde, "mekanismo batzuk aprobetxatu eta kalera irteteko aukera" badagoela gogorarazi du.

Horren harira 'Langraitz bidea' aipatu du, bere aita hil zutenak bide horixe hautatau baitute "autokritika" egin ostean "etxetik gertu" egoteko.

Presoen harrera ekitaldiak

ETAko presoei egiten zaizkien harrerak ere izan ditu hizpide Jauregik, eta esan du ulertzen duela "senideen poza etxera itzultzen direlako", baina "biktimak irainduak sentitzen" direla eta, ekitaldi horiek "pribatuan" egin beharko liratekeela gaineratu du.

"ETAk aitortu du mina egin zuela eta barkamena eskatu du, baina ez biktima guztiei, eta uste dut nire aitak ere merezi duela errekonozimendua", adierazi du.

Peru del Hoyok esan du berak ere ulertzen duela Jauregiren iritzia ETAko presoei egiten zaizkien harreren harira, eta aitortu du "posible" izango litzatekeela "pribatuan" egitea, nahiz eta "ez duten terrorismoa goratzen".

Sakabanaketa

Jauregik sakabanaketa amaitzearen alde egin du, gizarteratzea zailtzen duelako eta "ondorioak senideek pairatzen" dituztelako. Era berean, "Estatuak terrorismoa praktikatu zuela aitortzeak eta gizarte osoari barkamena eskatzeak" ere "lagundu" egingo lukeela azpimarratu du.

"Ni ez naiz biktima, biktima nire aita izan zen, bizitza kendu zioten indarkeriaren kontra lan egiten zuen bitartean, baita Lasa eta Zabalaren kasua argitara emateko ere", adierazi du Jauregik "bestearen sufrimendua ulertzeko, ideologien gainetik, enpatia" bilatzearen eta "zubiak eraikitzearen" aldeko apustuarekin batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika