Politika -
Auzi-saio publikoa
Gorena Sortu legez kanpo uzteko salaketak aztertzen hasi da
Estatuko Abokatuak eta Fiskaltzak alderdi politikoen erregistroan ez sartzeko eskakizuna egin zuten ezker abertzalearen alderdi berria Batasunaren jarraipena, ETAren menpe dagoena, dela argudiatuta.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenaren 61. Areto berezia auzi-saio publikoa egiten ari da Estatuko Abokatuak eta Fiskaltzak Sorturen kontra jarritako salaketak aztertzeko. Ezker abertzalearen alderdi berria Barne Ministerioaren erregistroan ez sartzeko eskatu dute biek.
Auzi-saioa 10:30etan hasi da eta alde guztiek parte hartuko dute. Goreneko iturriek jakinarazi dutenez, areto bereziak (hamabost epailek eta Carlos Divar auzitegiaren presidenteak osatzen dute) froga dokumentalen eta lekukotzen inguruko erabakia hartuko du.
Estatuko Abokatuak Sorturi buruz txostena egin zuten Poliziako eta Guardia Zibileko agenteak deitu ditu, eta Fiskaltzak lau polizia eta hiru guardia zibil.
Salatzaileek eta Sortuk ondorioak aurkeztu ostean, epaileak bildu egingo dira erabakia hartzeko.
Sorturen kontrako lehenengo salaketa martxoaren 3an aurkeztu zuen Estatuko Abokatuak, Poliziak eta Guardia Zibilak egindako txostenetan oinarrituta. Estatutuetan indarkeria gaitzetsi izana "itxurakeria" bat besterik ez dela salatu du.
Fiskaltzak, bere aldetik, lau egun geroago aurkeztu zuen salaketa eta Sorturen eta ETA-Batasunaren arteko bederatzi ustezko lotura dira froga nagusiak.
Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen Sortu alderdien erregistroan sartzeko prozesua Gobernuaren salaketa aztertzea onartu eta berehala.
Ezker abertzalearen alderdi berriak argudiatu du Alderdien Legea betetzen dutela eta legalizazioak ETA desagertzea "bizkortuko" duela.