Politika -
A28 hauteskundeak
Otegik subiranista, errepublikar eta aurrerakoiak batu eta erabakigarri izan nahi du
EH Bilduren koordinatzaile nagusiak azpimarratu du bere proposamenak "erabakigarri" izan nahi duela "Estatuaren bilakaeran".
agencias | redacción
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan indar "subiranistek, errepublikanoek eta aurrerakoiek" bat egitea proposatu du, "eskuinaren alternatiba izateko" eta "Espainiako Estatuaren bilakaeran erabakigarri izateko".
Alternatiba hori "Galiziatik, Kataluniatik eta Euskal Herritik" iritsiko dela uste du Otegik, eta agerian uzten duela ez dutela "partida alderdi politikoen ikuspegi alderdikoiarekin jokatuko", baizik eta "subiranista, errepublikano eta aurrerakoi guztiekin" elkar hartuta.
Otegik hitzaldia eman du gaur EH Bilduren Asanblada Nazionalean, Iruñean, apirilaren 28ko hauteskunde orokorretarako hautagaiak aukeratzeko prozedura onartzeko ekitaldian.
Bertan ziren, bestak beste, Bakartxo Ruiz EH Bilduren Nafarroako presidentegaia, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Nafarroako hainbat parlamentari eta Iruñeko Udaleko zinegotziak.
EH Bilduren buruzagiak azpimarratu du bere proposamenak "erabakigarri" izan nahi duela "Espainiako Estatuaren bilakaeran", eta ez dituela "asmoak ezkutatzen". Hala, proposamena "errepublikanoa" dela azaldu du, "autodeterminazio eskubidea" defendatzen duela, "austeritate politiken aurkakoa" dela eta "preso politiko guztiak etxera libre" itzultzearen alde egiten duela.
Arnaldo Otegik jakinarazi du helburu hori lortzeko "lanean" ari direla, "ardurarekin eta diskrezioz". "Batzuk esaten digute indarrak batzeko apustua ia ezinezkoa dela", esan du EH Bilduren buruzagiak, eta gaineratu du bide hori hartzea "ardura historikoak" eskatzen duen zerbait dela , eta "albiste onak" espero dituela, "asko delako jokoan dagoena".