Politika -
RADIO EUSKADIKO TERTULIA
Alderdi abertzaleak ez daude Espainiako hauteskunde orokorrak aurreratzearen alde
"Zentsura mozioan babesa eman genion taldeetako bakar batek ere ez genion eskatu aurrerapenik" esan du Egibarrek, eta "Espainiar Estatuko arazoak ez dituela konponduko" uste du Casanovak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" tertulia politikoa apirilaren 28rako iragarritako Espainiako hauteskunde orokorrei buruzkoa izan da gaur.
Joseba Egibar EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak gogor gaitzetsi du Sanchezen erabakia: "Zentsura mozioan babesa eman genion taldeetako bakar batek ere ez genion eskatu aurrerapenik". "Deialdi honekin Sanchezek gehiago pentsatu du bere interes pertsonaletan eta partidistetan, interes orokorrean baina"; "azken garaiotan beste inork izan ez duen bezalako sarea izan du, talde parlamentario batzuei esker; inork ez diogu aurrerapena eskatu, alderantziz, hainbat gairi heltzeko denbora eskaintzen ari ginen, baina berak, "errelatorearen" kontu horren aitzakian, hauteskundeak deitu ditu".
Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak, bere aldetik, bat egin du Iñigo Urkullu lehendakariak esan zuenarekin: "Aurrerapen honek ez ditu Estatu Espainiarreko arazoak konpondu behar, eta hauteskundeen ondoren, arazoek hor egoten jarraituko dute". Bide batez, hauteskundeen ondoren indar subiranistek Madrilgo Parlamentuan "paper garrantzitsua" izango dutela iragarri du.
Eukene Arana Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak bere alderdiak Sanchezen Gobernua babesten egin duen lana defendatu du, eta azken 8 hilabete hauetan hartu diren neurri progresistak beraiei esker hartu direla nabarmendu du.
Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak onartu du hauteskundeekin ez direla "Espainiako arazo guztiak amaituko", baina "panorama nola zegoen ikusita, ekidin ezina izan da".
Laura Garrido Euskadiko PPren ordezkariak Sanchezek hautatu duen data kritikatu du, San Prudentziorekin bat egiten duelako (arabarren patroia) eta hauteskundeen aurrerapena "Sanchezen porrota dela" esan du.