Politika -
Memoria historikoa
Espainiako Gobernuak erabakiko du non lurperatu Franco, sendia ados jarri ezean
Francoren familiak, fundazioak eta Erorien Haraneko basilikako kudeatzaileek dagoeneko iragarri dute helegitea sartuko dutela 15 eguneko epea iraungi aurretik.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Gobernuak erabakiko du Francoren gorpuzkinak, Erorien Haranetik ateratzen dituztenean, non lurperatuko diren behin betiko, familiak lurperatzearen inguruan adostasunik lortzen ez badu 15 eguneko epean.
Dolores Delgado Justizia ministroak Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu du zein pauso emango dituzten Gobernuak diktadorearen gorpuzkinak ateratzeko akordioa onartu ostean. "Estatu ekintza" izango dela azpimarratu du.
Aukera guztiak aurreikusi omen dituzte 15 eguneko epea amaitzen denerako, baina inola ere ezingo omen da Almudenako Katedralean lurperatu.
Izan ere, gogorarazi du Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkaria horren aurka dagoela; batetik, "ordena publikoa" zaintzeko, eta, bestetik, Memoria Historikoaren Legea urratuko litzatekeelako, diktadorea "duin" egingo bailuke leku publiko horrek.
Baliteke Francoren senideek erabakiren bat hartzea; horregatik, ministroak esan du ez dela arazorik egongo, baina erabakirik hartu ezean edo erantzun ezean, Ministroen Kontseiluaren esku geratuko litzateke.
Hala, eta abuztuaren 24ko lege dekretuaren bidez, Espainiako Gobernuak erabakiko luke non lurperatu Francoren gorpuzkinak, eta amaitutzat emango litzateke zazpi hilabeteko prozesua.
Familiak Gorenera joko du
Francisco Francoren familiak Auzitegi Gorenean jarriko dio helegitea Ministroen Kontseiluak Franco deshobiratzeko egin duen akordioari. Helegiteak "kautelazko neurriak" eskatuko ditu prozedura berehala gelditzeko, Europa Pressek familiako iturriak aipatuta jakitera eman duenez.
Francisco Franco fundazioak eta Erorien Haraneko basilika kudeatzen duten beneditarrek ere helegitea jarriko dute, eta asmoa da 15 eguneko epea iraungi aurretik egitea.