Politika -
A28 hauteskundeak
Barkosek hautagaitza bateratua proposatu dio laukoari hauteskunde orokorrei begira
Nafarroako autogobernuaren aurkako "eraso argia"ren aurrean, "aldaketaren indarrei" (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Ezkerra) elkarrekin aurkezteko deia egin die.
agentziak | erredakzioa
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuaren presidenteak esan du "erabat egun tristea" dela gaurkoa, eta Gobernua eusten duen laukoari (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Ezkerra) hauteskunde orokorretan hautagaitza bateratua aurkeztea proposatu dio.
Sanchezek bozak aurreratu dituela jakin ostean, Barkosek esan du, bere ustez, sozialistek "bolbora guztiak zentsura mozioaren onarpenean xahutu zituztela".
"Ez da bidezkoa herritarrei eskatzea konpon dezaten politikarion akordioetara iristeko ezintasuna, ardura oso banatuta dago", azaldu du.
Bestalde, Nafarroako presidenteak ez du begi onez ikusi "eskubide garrantzitsuak, autodeterminazioarena adibidez, aurrekontu negoziaketa baten baitan aldarrikatzea".
Gainera, Geroa Bairen buruzagia "oso kezkatuta" agertu da "panorama politikoak benetako arriskuan jartzen duelako Nafarroaren autogobernua".
Autogobernuaren aurkako "eraso argi" horren aurrean, "aldaketaren indarrei" eskatu die Diputatuen Kongresura "ordezkaritza bateratua eramateko gaitasuna" izatea.
UPN
Javier Esparza UPNren presidenteak esan du "irabaztera ateratzeko prest" daudela, Madrilen "Nafarroa foral, espainol eta europarraren interesak" defendatzeko eta "argi eta garbi" esateko independentistek ezin dituztela herrialdearen gai garrantzitsuak erabaki.
Presidente unionistak esan du hasieratik eskatu zutela hauteskundeak aurreratzea eta espainiarrei galdetzea, hori baita "egin behar zena".
Gaineratu duenez, "argi eta garbi" esango dute "independentistek ezin dutela berriro Espainiako presidentea nor den erabakitzeko gaitasuna eduki, ezta aurrekontuena ere"; bada, "gure herrialdea apurtu nahi dute eta gizartearentzat horren garrantzitsuak diren gaiak erabaki".