Politika -

Komunikatu batean

Sortuk "indarkeria mota guztiak" gaitzesten dituela gogorarazi du

"Sortu legezko den egunean, hartutako konpromiso guztiak kudeatzeko erantzukizuna hartu du, inolako zalantzarik gabe", adierazi du alderdi abertzaleak. Respaldizak ETArekin lotura duela ukatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sortuk "indarkeria mota oro" gaitzetsen duela gogorarazi du, "horien artean, kale indarkeria, tratu txarrak eta tortura" daudela.

Dena dela, jarrera "koherente" bat izateko eskatu dioten guztiei erantzun die Sortuk komunikatu batean. "Sortu legezko den egunean, hartutako konpromiso guztiak irmotasunez kudeatzeko erantzukizuna hartuko du, inolako zalantzarik gabe", adierazi du alderdi abertzaleak.

Bere Estatutuetan azaldu eta alderdiaren bultzatzaileek errepikatu bezala, alderdi abertzaleak indarkeria mota oro gaitzesten du, ETArena barne. "Biktima guztiek euren ordaina jasotzeko" konpromisoa azaldu du Sortuk, eta baita "indarkeriaren ondorio guztiak gainditzeko ere". "Horien artean, kale-indarkeria, tratu txarrak eta tortura daude", zehaztu du alderdi abertzaleak. "Indarkeriaren gaitzespena erretoriko ez" dela azaldu du, "argia, irmoa eta erreala baizik".

Horregatik, "legezko ez den erakunde bati zenbait gertakari politikoren inguruan jarrera bat azaltzeko eskatzea onargarri ez" dela dio Sortuk. "Ez da arazo bat saihesteko jarrera, prozedura juridikoa ikusita logikoa baizik", erantsi du.

"Erabaki politikoa"

Bestalde, Estatuko Abokatutzak hartutako erabakia "politikoa" dela salatu du Sortuk, "erabakiarekin Zuzenbidezko Estatu baten herritarrek dituzten eskubide demokratikoak ukatzen dituztelako".

"Erabaki politikoa" ETAko ustezko lau kide atxilotu dituztenean heldu dela gaineratu du Sortuk. "Gu legez kanpo uztea eskatu dutenek, isiltasun politikora zigortu nahi izatea bitxia da, izan ere, aldi berean gertakari hauen aurrean adierazpen publikoak egiteko eskatzen digute, baina legez kanpo utzi ahal izateko isilik egotea nahiago dute, epaitegiak presionatuz", goraipatu du alderdi abertzaleak.

Alderdia aurkeztu zuten unetik, eguneroko gertakari politikoetatik at mantentzea erabaki zuela gogorarazi du Sortuk, legezkotasuna lortu bitartean.

Azkenik, "hainbat esparru sozial eta politikoen babesa jasotzen ari" dela azaldu du Sortuk. "Azterketa soziologikoen arabera, euskal gizartearen gehiengoak alderdia legezko izatea nahi du, baita Espainiako gizartearen zati handi batek ere", adierazi du alderdiak.

Respaldizak ukatu egin du ETArekin lotura duela

Sonia Respaldiza Sorturen sustatzaileetako batek esan du inoiz ez duela "inolako" harremanik izan ETArekin eta ez duela Ibon Fernandez Iradi Susper ezagutzen.

Respaldizaren izena Susper-en atxiloketaren ostean atzemandako paperetan "ETAko ustezko kide gisa" agertzen dela salatu du Estatuko Abokatuak, eta informazio hori gezurtatzeko agiria kaleratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea