Politika -
Auzitegi Gorena
Gorenak Sorturen kontrako salaketa onartu du eta erregistroa gelditu
61. Aretoak bertan behera utzi du alderdia Barne Ministerioaren erregistroan sartzeko prozesua. Sorturen sustatzaileei prozeduran parte hartu eta nahi badute alegazioak aurkezteko deia egin die.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenaren 61. Aretoak onartu egin du Gobernuak Sorturen kontra aurkeztu duen salaketa tramitatzea eta bertan behera utzi du alderdia Barne Ministerioaren erregistroan sartzeko prozesua, Alderdien Legeak horixe agintzen baitu.
Joaquin Fuentes Bardaji Estatuaren abokatuak Gobernuaren salaketa aurkeztu eta bost ordu baino gutxiagora hartu du Gorenak erabakia.
61. Aretoak salaketa onartzen duela jakinarazi dio Barne Ministerioari, izan ere, Alderdien Legearen 4.2 eta 5.6 artikuluek agintzen dute bertan behera geratzen dela Sortuk alderdien erregistroan sartzeko zuen 20 eguneko epea.
Gainera, prozeduraren buru gisa Carlos Lesmes epailea izendatu dute eta epaimahaiari buruzko informazioa helarazi diete parteei.
Salaketaren aurkezpena
Joaquin Fuentes Bardajo Estatuaren abokatuak Sortu legez kanpo uzteko salaketa jarri du gaur goizean Auzitegi Gorenean. Alderdien erregistroan ez sartzeko eskatu dute, ETA-Batasunak hauteskundeetan parte hartu ahal izateko "taktikoki" erabiltzen duen alderdia delakoan.
10:00ak inguruan salaketa aurkeztu ondoren Fuentesek kazetariei azaldu dienez, Sorturen estatutuetan indarkeriaren kontra agertu izanak ez du esan nahi ETArengandik eta Batasunarengandik bereizi direla.
Gobernuaren salaketarekin batera, datorren astean ziurrenik, martxoaren 11 aurretik, Estatuko Fiskaltzak Sortu alderdien erregistroan ez sartzea eskatuko du Batasunaren "jarraipena" dela argudiatuta.
ETA-Batasunak instrumentalizatua
ETAk alderdi politikoaren proiektuan parte hartzen ote duen galdetuta, Fuentesek baietz erantzun du, izan ere, "ETA-Batasunak taktikoki erabiltzen du Sortu hauteskundeetan parte hartu ahal izateko eta maiatzetik aurrera foru eta udal erakundeetan egoteko".
Salaketa horren ebazpena iristeko asko jota hilabete pasako dela gaineratu du.&' || 'nbsp;Abokatuak esan du Fiskaltzak datorren astean aurkeztuko duela Sorturen kontrako salaketa, beraz, "maiatzeko hauteskundeen aurretik afera konponduta egongo da".
Ondorio horretara iristeko, Estatuaren Zerbitzu Juridikoek Poliziak eta Guardia Zibilak Sorturi buruz osatutako txostenak eta jurisprudentzia aztertu dituzte. "Batasunaren oinordekoak direla ondorioztatu dugu juridikoki, hau da, ezker abertzalea-Batasuna dela hauteskundeetara aurkezten dena", azpimarratu du Fuentesek.